
Motorraren V. Astean egongo diren ekintzen aurkezpena izan zen atzo Zumarragako udaletxean. Josean Mendizabal, kirol teknikariak, Koldo Lopez, Evo Racing elkarteko lehendakariak, eta Mikel Serrano kiroletako zinegotziak ezagutarazi zuten asteburu honetan hasi eta ekainaren 10ean bukatuko den ekitaldi hau.
Asteburu honetan auto modelo txapelketa izango da eta bi atal hartuko ditu bere baitan, bata touring gas formatua izango da eta bestea 1/18 kotxe elektronikoena. Touring gas txapelketak aurten 5. edizioa beteko du eta larunbat arratsaldean izango dira prestakuntza saioak, igandean berriz txapelketa ospatuko da. Bai txapelketa, bai prestakuntza saioak La Salle Legazpi ikastetxean izango dira, iaz bezala.
Motorraren astearen barnean, ekainaren 10ean hain zuzen ere, 50 bat Seat 600 etorriko dira. Kotxe hauek lehen aipatutako egunean, goizeko 10:00etan ikusgai egongo dira Zumarragako plazan, ondoren, 11:30ak aldera herrian zehar ibilaldia egingo dute San Kristobaleraino. Bertan hamaiketakoa egin ondoren 13:15ean Izazpi auzora jaitsiko dira. Arratsaldean 16:30etik aurrera ordu bete inguru izango dira berriro Euskadi Plazan.
Hori gutxi balitz, uztailaren 15ean 1910. urtetik gaur egun arte eginiko kotxe eta kamioiak ibilaldia egingo dute herrian zehar. Kirol zinegotzi den Mikel Serranoren hitzetan “Aitor Zabaletak bere kotxea ekartzea espero dugu, dagoeneko hori ere klasikoa da eta!”.