Nork ez ditu Jehovaren lekukoak ezagutzen? Atez ate ibili ohi dira, txukun jantzita, entzun nahi dituenari bibliaren nondik norakoak azaltzen. Horretaz gain, astean hirutan Urdaneta kaleko egoitzan biltzen dira biblia irakurtzeko. Beloki pilotaleku ondoko etxearen atzealdean dute lokala. Lehen San Isidro kalean elkartzen ziren, baina duela 20 bat urte egungo egoitza erosi zuten. Duela gutxi berritu dute. Bertan, Migel Anjel Alvarezek eta Jairo Ugartemendiak hartu gintuzten eta gure galdera guztiak adeitsu erantzun zituzten.
Migel Anjelek 10 bat urte daramatza Zumarragan bizitzen. Emaztea Ordiziakoa du, baina hemen gustuko etxea topatu zuten eta bertara etortzea erabaki zuten. Beasaingo kongregazioan ezagutu zuten elkar. "Biok bertara joaten ginen eta, azkenean, elkarrekin hasi ginen. Jendea elkartzen den gainontzeko tokietan bezala, gurean ere bikoteak sortzen dira", dio.
Jairo Ugartemendia Anoetakoa da, baina emaztea hemengoa du. Hori dela eta, bertan jarri ziren bizitzen. Bere emaztea ere Jehovaren lekukoa da, baina ez zuen kongregazioan ezagutu, lagun batzuen bitartez baizik. Bien emazteak euren sinesmen berekoak dira, baina bikote misto asko ere badaude. "Gure artean denetik dago. Zumarragan bikote misto asko daude".
Ugartemendia betidanik da Jehovaren lekukoa, bere gurasoak erlijio berekoak baitira. Alvarez, ordea, gaztetan egin zen. "37 urte ditut eta 15ekin bataiatu nintzen. Nire gurasoek eta nire anai batek ez dute nire erlijioa jarraitzen, baina nire bi arrebek bai. Nire arreba nagusia izan zen lehena, erlijio hau ezagutu zuen eta interesgarria iruditu zitzaion. Bere atzetik, beste arreba eta biok etorri ginen. Ez da bat-bateko kontua. Biblia irakurri behar da eta bertan esaten denak norbera konbentzitu egin behar du".
Pentsa daitekeen moduan, gurasoak katolikoak dira eta ez zuten ondo hartu. "Hori guztia duela 25 urte gertatu zen. Egun natural ikusten da, baina orduan ez. Dena den, erlijio hau eta gure lagunak ezagutu dituzten heinean, gauza bere onera etorri da. Toleranteak dira eta seme-alabak gustura ikusten dituztenez… Anaiak bolada txarra pasatu zuen eta gurasoek Jehovaren lekuko egitea gomendatu zioten!", azaldu du.
Ugartemendiak ez dutela inor behartzen argi utzi nahi du. "Ez ditugu haurrak bataiatzen, eurek erabaki behar dute bataiatu nahi duten ala ez eta noiz. Nik 13 urterekin hartu nuen erabakia".
Beste erlijio batzuetan gurasoek erabakitzen dute seme-alaben izenean. Baina, zer gehiagotan bereizten dira gainontzekoengandik? Argi utzi nahi dute eurena ez dela katolikotasunaren adar bat. "Gainontzekoengandik bereizten gaituena zera da: biblia, katolikoek erabiltzen duten bera, Jainkoaren hitza dela uste dugu. Bibliak kristauok nolakoak izan behar garen dio eta eredu hori ahalik eta zorrotzen jarraitzen saiatzen gara", dio Jairok.
Ez dute uste katolikoek liburuak dioena goitik behera betetzen dutenik. "Beste batzuk beste alde batetik doazela ikusteak, pena ematen digu. Erlijio kristau guztiak biblian oinarritzen direla suposatzen da, baina… Pertsona batek zintzoa dela esan dezake, baina ekintzekin erakutsi behar du. Erlijio zehatz bat ona den jakiteko, jarraitzaileek egiten dutena begiratu behar da. Beste erlijio batzuek egiten dutena eta guk biblian irakurtzen duguna erabat ezberdinak dira", aipatu du Alvarezek.
Bibliak dioena jarraitzen saiatzeaz gain, nahi duen orori azalpenak ematen dizkiote. "Gure egintza nagusia biblia ezagutaraztea da. Doaneko ikastaroak ematen ditugu", dio Ugartemendiak. Itun zaharra eta itun berria aztertzen dituzte. "Sortzen zaizkigun galderentzako zer erantzun dituen topatzen saiatzen gara: Jainkoa nor den, zergatik gauden hemen, zergatik sufritzen dugun… Beste erlijio batzuek galdera guztiak ez dituztela erantzuten uste dugu".
Beste erlijioen erantzun batzuk okerrak direla uste dute. "Norbait hil denean Jainkoak eraman duela esaten dute, baina hori ez da bibliak dioena. Ez du inon jartzen Jainkoak pertsona onak eramaten dituenik. Jainkoak Adani hautsa zela eta hautsa izango dela esan zion, besterik gabe. Ez du jendearen bizitza eta heriotza kontrolatzen. Autoan orduko 200 kilometroko abiadan dabilenak edo bizimodu desegokia daramanak, hiltzeko aukera gehiago ditu", dio Alvarezek.
Baina, zein da bizimodu egokia Jehovaren lekukoen ustez? Bibliaren printzipioetan oinarritzen dena, noski. "Bertako printzipio moralak jarraitu behar dira. Besteei guretzat nahi ez duguna ez egiteko esaten du, adibidez. Horrekin bakarrik, gizartearen ia arazo guztiak konponduko genituzke". Dena den, testu sakratuak norbanakoari nahikoa askatasun ematen diola uste dute. "Printzipioak dira, ez legeak. Arazo eta egoera ezberdinei aurre egiteko aukera ematen dute. Dibertsitatea ondo ikusita dago, ez ditu bizitzaren alor guztiak kontrolatzen. Bi pertsona oso kristau onak izan daitezke, nahiz eta elkarren zeharo ezberdinak izan", azaldu du Alvarezek.
Biblia ahalik eta zorrotzen jarraitzen saiatzen direla diote. "Gure bizitzan eragina izatea nahi dugu. Ez da etiketa sozial hutsa. Katoliko askok ezkontza eta hiletetan bakarrik bizi dute erlijioa. Guretzat, ordea, eguneroko kontua da. Horregatik elkartzen gara astean hirutan eta joaten gara etxez etxe", esan du Ugartemendiak.
Gainontzeko erlijioetako jendearekin harreman ona dutela diote. "Besteek diotenarekin ados egon gaitezke edo ez, baina indarkeriaren aurka gaude. Errespetatu egiten ditugu, nahikoa dugu geroz eta hobeak izaten saiatzearekin. Ez dakit besteok nola ikusten gaituzten", aipatu du Alvarezek.
Ondo ikusi edo ez, aspaldiko ezagunak dira. Izan ere, ere euren erlijioa oso zaharra dela diote. "Gutako lehena Abel izan zela uste dugu. Espainian XX. mende hasieran hasi ginen. Frankismo garaian gure erlijioa, beste asko bezala, debekatua egon zen. Oker ez banaiz, 1972an onartu gintuzten", azaldu du Migel Anjel Alvarezek.
Ia zerotik hasi behar izan ziren. "Ordura arte ezkutuan lan egiten genuenez, lan asko genuen egiteko. 35 urte hauetan asko aurreratu dugu. Espainian 100.000 lagun inguru gara eta Gipuzkoan 1.500 bat. 22 kongregazio ditugu bertan, herri nagusi guztietan. Zumarragatik gertuen daudenak Beasaingoa eta Bergarakoa dira. Zumarragan 70 bat lagun elkartzen gara: Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta inguruko herri txikietakoak", diote.
Egun, 230 herrialde baino gehiagotan daude. "Askatasun eza dagoen tokietan gure egintza debekatua dago. Mendebaldean, berriz, txoko guztietan gaude. Erlijioak indar handia duen tokietan gaude sustraituen: Afrikan, Ipar Amerikan, Hego Amerikan… Arabiar herrialdeetan eta Asiako toki batzuetan, Txinan adibidez, oso indar gutxi dugu", aitortu dute. Dena den, musulmanekin zenbait parekotasun dituzte. Liburuari garrantzia handia ematen diote, esaterako. "Teorian behintzat, erlijioak euren eta gure egunerokotasunean garrantzia du. Bestalde, koranean biblia aipatzen da".
Itun zaharra eta berria euren lanaren ardatza direla esan dute, baita etxerik etxe joaten direla ere. Baina, nola lan egiten dute? "Gure egoitzetan biblia ikasten dugu. Hori dela eta, hitzaldietarako prestatutako aretoak ditugu. Horretaz gain, etxez etxe joaten garenez, besteen aurrean hitz egiten ere ikasten dugu. Jesusek hitz egiten zuen moduan hitz egiten ikasten dugu. Analfabetismoa dagoen tokietan irakurtzen eta idazten irakasten dugu, liburua irakurtzeko ezinbestekoa baita, noski", azaldu du Alvarezek.
Beste erlijioetan bezala, hemen ere gidariak daude. "Guztiok berdinak gara, baina gauzak ondo joan daitezen, gidariak behar dira. Lehen kristauen antolamendua jarraitzen saiatzen gara: haiek superintendenteez edota agureez hitz egiten zuten. Dohain zehatz batzuk zituzten eta besteei irakastearen ardura zuten. Dohain horiek dituztenak aukeratzen ditugu superintendente izateko. Dena den, denok predikatzen dugu eta inork ez du kobratzen bere lanaren truke. Egoitzara gure aisialdi denboran etortzen gara. Bestalde, kontribuzio kutxak daude eta bakoitzak ahal duena edo egoki deritzona jartzen du. Ez dugu kontrolatzen bakoitzak noiz ematen duen dirua eta zenbat jarri duen, baina hilero zenbat bildu den azaltzen dugu", aipatu du Ugartemendiak.
Erlijioak euren bizitzan zer nolako garrantzia duen ikusirik, euren arteko harremana estua dela pentsa daiteke. "Hemendik kanpo ere askotan elkartzen gara, baina modu naturalean. Adiskidetasuna sortzea normala da, bana gure artean ere denetik dago: batzuek nahiago dute hemendik irten eta etxera joatea eta besteak koadrilan ibili zaleak dira", azaldu dute.
Etxez etxe joateak euren arteko harremana estutzen laguntzen du, baina askotan ez dela lan gozoa onartzen dute. "Erantzun txar asko jasotzen ditugu, baina mundu mailan egunero 700 bat lagun elkartzen zaizkigu eta horrek asko animatzen gaitu. Gure ustez biblia baino gauza hoberik ez dago eta jendeari lagun diezaioke. Jehovaren lekukoak egin ez, baina gure printzipioak praktikan jarri dituen jendea ezagutzen dugu. Gu ez gaitu inork behartu eta, era berean, guk ere ezin dugu inor behartu. Gure lana betetzearekin konformatzen gara. Gure ardura, gure inguruko guztiek gure aukeraren berri izatea da", diote.
Oro har, ondo ikusiak daudela uste dute. "Denetik dago, baina ezagutzen gaituztenek normal begiratzen gaituzte. Ezagutzen ez gaituztenek, berriz, errezeloa izaten dute. Hemen denok elkar ezagutzen dugu eta gustura sentitzen gara". Horrek ez du esan nahi egungo bizimoduarekin bat datozenik. "Gure behar izpiritualek ez dute merezi duten arreta jaso-tzen. Jendeak bere buruari zenbait galdera egiten dizkio, baina batzutan bere erlijioak ez ditu erantzuten. Bestalde, egoera politikoak ere atsekabea sortzen du. Jende asko babesgabe sentitzen da eta gu ere mesprezatu egiten gaituzte. Jainkoaren bidea utzi izanagatik sentitzen dira asko horren gaizki: ez dago balorerik, You Tuben indarkeria bideoak jartzen dira… Horrek guztiak lan egiteko indarra ematen digu. Gu laguntzen gaituen horren beharra dagoela ikusten dugu. Dena den, gu ere ez gaude arazoetatik eta atsekabe tik erabat salbu", onartu dute.
Izan ere, ez dute uste euren bizimodua gainontzekoenaren horren ezberdina denik. "Gure bizitzaren ardatza erlijioa da, baina ez gara aszetak edo arraroak. Gu ere gozatzearen alde gaude, lan egin behar dugu, hipoteka ordaindu behar dugu, familiari jaten eman behar diogu… Gu ere gizarte honetan bizi gara. Gure ekintzetan bibliak dioena betetzen saiatzen gara eta aisialdiaren zati handi bat erlijioari eskaintzen diogu, baina gu ere zinera, merkatal guneetara, Donostiara edo mendira joaten gara", aipatu dute.
Euren jarduera guztietan biblia kontuan izan behar dute, noski. Dibortzioa adulterio kasuetan bakarrik onartzen dute eta ezkondu gabe elkarrekin bizitzea eta abortua ez dituzte onartzen. Antisorgailuen erabilerari, ordea, ez diote uko egiten. Homosexualitateari dagokionez, ez dute begi onez ikusten eta ez dute uste berezkoa denik, gizarteak bultzatutakoa baizik.
Musulmanak: “Jainkoaren izenean hiltzen dutela diote, baina islamak buruaz beste egitea eta inor akabatzea debekatzen du”
Musulmanek ere duela urte asko ireki zuten egoitza gure artean. Lehen meskita Zumarragako Urdaneta kalean izan zuten eta orain Euskal Herria hiribidean dute, Alameda taberna ondoan. Bertara inguruotako 200 bat lagun joaten dira eta txiki gelditu zaie. Hori dela eta, ondoko lokala erosi nahi dute. Driss Elbouanani marokoarrarekin hitz egiten izan gara.
Elbouanani duela urte asko etorri zen Euskal Herrira. "1985ean heldu nintzen, lan egiteko asmoz. Gure asmoa denboraldi batean lan egitea eta gero itzultzea da, baina azkenean denok gelditu egiten gara. Hemen hobeto bizi gara, seme-alabek ez dute alde egin nahi…", aipatu du.
Marokoarrak Ermuan eman zituen lehen hiru urteak. "Gero Zumarragara etorri nintzen, hemen etxebizitza aurkitu bainuen. Saltzaile ibiltaria naizenez, berdin zait toki batean edo bestean bizi. Zumarragan bi urte eman ostean, Markinara joan nintzen eta gero Azpeitira. Bertan zazpi urte eman nituen. Zumarragara itzuli nintzen eta dagoeneko ez naiz hemendik mugituko. 20 eta 3 urte bitarteko bost seme-alaba ditut eta ez dute hemendik irten nahi".
Elbouanani soldadore lanetan aritu zen, baina nahiago du saltzaile ibiltaria izan. "Hala askatasun handiagoa dut haurrei laguntzeko, ikastetxeko bileretara joateko…". Emaztea ere marokoarra du. "Etorri nintzenean ezkonduta nengoen jada eta emaztea handik bi urtera etorri zen, seme zaharrenak lau hilabete besterik ez zituenean", azaldu du.
Euskal Herrian urte asko daramatzanez, ederki asko ezagutzen du islamak hemen izan duen bilakaera. Garai batean islamak sekulako indarra izan zuen iberiar penintsulan eta Euskal Herria hegoaldera heldu zen. Islamiarrak bota egin zituzten, baina azkenaldian euren erlijioa berrindartzen ari da inguruotan. "Geroz eta jarraitzaile gehiago ditugu. Lehen ez zegoen meskitarik eta orain, berriz, asko daude. Lehenengoa Eibarren ireki genuen, 80ko hamarkadan. Hurrengoak Zumarragakoa eta Bilbokoa izan zirela uste dut. Orain Bilbon hiruzpalau daude, Azkoitian beste bat, Errenterian, Nafarroan… Kontuan izan behar da geroz eta islamiar gehiago daudela eta erlijioaz aritzeko toki bakarra meskita dela. Ezin gara etxe batean elkartu errezatzeko", dio Elbouananik.
Hala, Zumarragako meskita txiki gelditu zaie. "Ostirala gure egun handia da eta 200 bat lagun elkartzen gara. Batzuek kanpoan errezatu beharra dute. Bergara, Beasain, Tolosatik… etortzen da jendea. Marokoarrak, aljeriarrak, pakistandarrak eta senegaldarrak gara nagusi".
Urdaneta kaleko lokalean alokairuan izan ziren, baina egungoa erosi egin zuten. "Ondoko lokala salgai dago eta erosi egin nahi dugu. Hilero dirua jartzen dugu: bakoitzak ahal duena, 10-20 euro. Horrekin gastuetarako bakarrik dugu: ura, argia, lokalaren asegurua eta imanaren soldata. Hori dela eta, gainontzeko meskitetan egoitza berria erosteko laguntza eskatzen ari gara. Meskita handietara joan behar dugu eskean. Bidaia bakoitzean 3.000 euro inguru lor daiteke", azaldu du.
Edozein lokal erabili daiteke meskita gisa, baina zenbait baldintza bete behar dira. "Udalari, Eusko Jaurlaritzari, Justizia ministerioari eta Madrileko Islamiar Zentroari baimena eskatu behar zaie. Gehienok marokoarrak garenez, gure kontsulatuaren babesa dugu. Badaki arduradunak nortzuk garen daki eta fidagarriak garela zin egin du. Etxerik ez duten asko hona etortzen da lo egiteko asmoz eta ez diegu uzten. Arazorik egongo balitz, gu izango ginateke arduradunak. Gutxi batzuok bakarrik dugu hemengo giltza".
Meskitak ez du aparteko apaingarririk. "Lurrean alfonbrak ditugu, baina hotzari aurre egiteko da. Izan ere, lurrean esertzeko ohitura dugu. Erlijioari buruzko liburuak ere baditugu", aipatu du.
Kontuan izan behar da bertan erlijioaz bakarrik mintza daitekeela. "Hemen ezin da negoziorik eta halakorik egin. Jainkoari barkamena eskatzera etortzen gara. Egunean bost aldiz otoitz egiten dugu eta meskitak horretarako tokia eskaintzen digu. 6.20ean, 13.00etan, 15.40ean, 18.00etan eta 19.30ean errezatzen dugu, aldi bakoitzean 5-10 minutuz. Lan egiten dugunez, ez gara bost aldiz etortzen. Etxean edo lantokian ere otoitz egiten dugu".
Horretarako ez dute imanaren beharrik. "Guztiok dakigu errezatzen. Ostiraletan, ordea, imana beharrezkoa da. Izan ere, berak erlijioa ondo ikasi du eta egun horretan azalpenak eta jarraibideak ematen dizkigu: ordu erdi inguruz. Meskita bakoitzak bere imana du". Meskitan zenbait arau bete behar dira. "Guztiok oinutsik sartu behar gara. Izan ere, lurrean esertzen gara eta zapatekin sartuko bagina zikindu egingo ginateke. Bestalde, garbi eta ondo jantzita etorri behar gara".
Emakumeak meskitetan sar daitezke, baina Zumarragakora ez dira joaten. "Gizonezkoak eta emakumezkoak ezin gara elkarrekin egon. Hori dela eta, islamiar herrietako meskitek bi ate izaten dituzte. Hemen lokal txikia dugu eta ez dago guztiontzat tokirik. Gizonezkoak bakarrik etortzen gara".
Musulmanentzat ostirala da asteko egunik handiena. Festa gehiago ere badituzte. "Ramadanaren ondorengo eguna ere jai handia da. Otoitz egiten dugu eta ondoren guztiok elkarrekin gosaltzen dugu. Zumarragako Udalari eskerrak eman beharrean gaude, azken urteotan pilotalekua utzi baitigu jai hori ospatzeko", dio Elbouananik.
Bi hilabete eta hamar egun beranduago, arkumearen jaia ospatzen dute. "Familia bakoitzak arkume bat akabatu behar du. Gure herrialdean etxean akabatzen ditugu, baina hemen harakinak ekartzen dizkigu hiltegitik. Haragi asko dugunez, etxerik etxe ibiltzen gara guztia jan arte".
Aipatutako hau guztia euren bizilagunen artean ezagutzera emateko saiakerarik ez dute egin. "Islama besteengana helarazteko lan egin beharko genuke. Gure seme-alaba askok, adibidez, ezer gutxi dakite gure erlijioari buruz. Lanetik nekatuta heltzen gara eta gure seme-alabekin ez dugu erlijioari buruz hitz egiten. Egunen batean meskitara etorriko dira, baina nahikoa ezagupenik gabe", aitortu du. Dena den, haurrek ere euren egoitzara joateko aukera dute. "Larunbat eta igandeetan arabiera eskolak izaten dira eta horietan erlijioari buruzko zer edo zer ikasteko aukera ere badute".
Zer irakasten du islamak? Zer ezberdintasun daude musulmanen eta kristauen artean? "Kristauentzat Mahoma ez da profeta. Guk 127 profeta ditugu, tartean Jesus eta Mahoma. Islama heldu zenean, zenbait gauza aldatu ziren. Lehenago irudiei errezatzen zitzaien eta guk ez dugu irudirik. Ala besterik ez dugu. Bera toki guztietan dago".
Katolikoek eta musulmanek antzeko aginduak bete behar dituztela dio. "Mundu guztiarekin ondo moldatu behar gara eta kalte egiten digutenei barkatu egin behar diegu. Ez dugu lapurtu behar, ez dugu gezurrik esan behar…", azaldu du.
Elbouananik erlijio agintaririk ez dutela dio. "Guztiok dakigu zer dagoen ondo eta zer dagoen gaizki. Beraiengana ulertzen ez ditugun kontuei buruzko azalpenen bila joaten gara, baina azalpena gustatzen ez bazaigu alferrik ari da. Erantzun guztiak koranean daude".
Imanak erlijioari buruz ikasi duten pertsonak dira eta batzuk besteak baino garrantzitsuagoak dira. "Kontuan izan behar da batzuek besteek baino gehiago ikasi dutela. Egipton, adibidez, oso eskola garrantzitsua dago. Aditurik handienak bertan eta Saudi Arabian daude. Dena den, Alak bakarrik eman ditzake aginduak. Imanek azalpenak eta aholkuak eman ditzakete, baina ez aginduak".
Gurasoek ere ezin omen dituzte seme-alabak euren erlijioa jarraitzera behartu. "Zazpi urte luzeko hiru garai daude. 0 eta 7 urte bitartean eurekin jolastu behar dugu, 7 eta 14 urte bitartean irakatsi egin behar diegu eta egoki jokatzera behartu behar ditugu eta 14 eta 21 urte bitartean euren lagunak izan behar dugu. Ondoren nahi dutena egiten utzi behar zaie. Aitak bere lana egin du eta ezin ditu bere erlijioa segitzera behartu", azaldu du.
Guraso gehienek, hemen eta han, euren seme-alabak egoki deritzoten moduan hezten saiatzen diren arren; mundua gaizki doa. "Islamak ez du hiltzen uzten. Egungo gizartea islamak dionetik oso urrun da. Ia dena gaizki dago eta ez dakit nola bukatuko den hau guztia. Toki guztietan gatazkak daude. Dena den, egia esan, hemen islamiar herrialdeetan baino lasaiago bizi gara. Bestalde, gazteak geroz eta desegokiago bizi dira: dirua gastatzea, erretzea, edatea… gustatzen zaie. Islamak hori guztia debekatzen du".
Driss Elbouananik badaki zenbaitek ez duela bere erlijioa ondo ikusten eta pena ematen dio. "Min ematen dit. Zenbait gauzek kalte handia egiten digute, baina mundu guztian daude pertsona gaiztoak. Kaltea eragiten duten horiek guztiak ez dira musulmanak, hori egitean islama alboratu baitute. Jainkoaren izenean hiltzen dutela diote, baina horiek mafia hutsa dira. Islamak suizidioa eta beste norbait hiltzea debekatzen du eta!".
Beste gauza batzuk ere debekatuak zein baimenduak daude. Dibortzioa, esaterako, kasu batzuetan bakarrik onartzen da. "Kontuan izan behar da seme-alabek asko sufritzen dutela. Pisuzko arrazoiak egon behar dute. Banantzea elkarrekin bizitzea baino hobea denean onartzen du banantzea epaileak". Abortua ere ez dago guztiz debekatua. "Haurtzaroko lehen lau hilabeteetan abortatu daiteke, ama arriskuan badago". Ezkondu gabe elkarrekin bizitzea eta homosexualitatea, ordea, debekatuta daude.
Askok islamak emakumezkoak ere baztertzen dituela uste dute. Elbouanani ez da iritzi berekoa. "Emakumeek betebehar gutxiago dituzte. Eurentzat errazagoa da erlijioa jarraitzea. Hilekoa dutenean edo haurdun daudenean ez dute ramadana egin beharrik. Haurra jaio ondorengo egunetan ez daude otoitz egitera behartuta".
Bestelakoan musulmanek bost betebehar dituzte. "Ala bakarra da eta Mahoma gure profeta, egunean bost aldiz otoitz egin behar dugu, ramadana egin behar dugu, bizitzan behin Mekara joateko ahalegina egin behar dugu eta urtero gure ondasunen %2 pobreei eman behar diegu".
Dena den, islamaren izenean emakumezkoak zapaltzen direla onartu du. "Harrikatzeek eta burkak ez dute islamarekin zerikusirik. Emakumezkoek ilea estali behar dute, baina aurpegia bistan izan behar dute. Aurpegia estaltzea debekatua dago, gizonezko batek engainurako erabili baitezake hori", amaitu du.
