PSE-EEk, PPk eta EAk interpretazio zentroa egiteko ideien lehiaketarako pleguak onartu zituzten. EAJk kontrako botua eman zuen.
Zazpi hilabetean Elizalde baserriko familiarekin negoziazioa irekita egon da. Hala ere Mikel Serrano alkateak «negoziaziorik ez» dela egon adierazi zuen. Udalak tarte horretan Elizaldeko Lizarazu familiaren bozeramaileari baserria saltzeko eskaintza egitea eskatu zion. Eskaintzarik ez zen iritsi Udalera, eta negoziatzeko epea amaitzear zegoenean Udalak eskaintza bat egin zion familiari: baserria eta 2.000 bat metro koadro zoru 360.000 eurogatik erosteko prest agertu zen.
Familiak eskaintza hori jaso zuenean negoziazioak apurtutzat eman zituen, alkateak esan duenez. EAJko Juanjo Sagarnak adierazi du eskaintza «eskasa» zela. Dena den, eskaintza egiteko baserriaren balio katastrala kontuan hartu dutela erantzun zuen alkateak.
EAJren arabera Elizalde da interpretazio zentroa egiteko gunerik egokiena. PSE-EEren iritziz han aukerarik egon ezean Udalak Antion dituen lur-sailetan saiatuko dira. Horretarako ideien lehiaketa deitu du. Epaimahaia Udaleko ordezkariek, alderdi politikoetako ordezkariek, bertako eta kanpoko arkitektoek eta Antiguarekin plataformako bozeramaile batek osatuko dute. Azken horrek ez du botorik izango bozketan.