Eta bestea kontatzen saiatu zen: “Iratzargailuaren argia piztu da lehenengo. Poloetako urdin kolorez 7:00 islatu da laugarren pisuko gela iluneneko horman.
Mezua erretzeraino da hotza eta berak, narrastiek bezala, azalez aldatzekotan, eguzki goxotan izatea eskatu du. Alferrik.
Paretan 7:05 irakurri dudanerako, ordea, mugitzen sumatu dut. Beltzean ere itzala uzten du gaur. Leihora dator. Gortinak ireki ditu eta egunaren aurrean besoak zabalik gurutzefikatu denean, soroetako txorimaloak ekarri dizkit gogora. Enara eske; baina beleak ditu begietan. Goizak itzalita jaikitzen dira aspaldian eta argia piztu beharko du.
Geroz eta beranduago oheratu eta lehenago jaikitzen den mozorrotutako erregina bihurtu da. Hainbeste trapurekin, nori ezkutatu nahi dio bere azalaren laztan gosea? Paperezko koroa erantzi zuenetik, jantzita, baina bakarrik egiten du lo. Zimur gehiegi ditu tipula koloreko maindire moreak, eta bera ere haiekin batera ari da zahartzen. Kilometroak egiten ditu ohean maldan gora eta aldapan behera. Bueltaka-bueltaka, dena kiribiltzeko gai da.
Hortaz konturatuta dago eta amorruz biluztu du ohea. Ohazal, tapaki, izara eta azpiko izarekin iceberga eraiki du. Jo eta urperatu nahiko zuela pentsatu dut hasieran; horregatik, belak zabaltzeko keinua egin duenean lasaitu egin naiz. Izan ere, aulkiaren gainera igota errezelen eraztunak banan-banan kendu ditu, errosarioa ahopeka esanaz bezala. Berak askatu ahala, gortinaren tolesturak malutak bezala erori zaizkio telazko icebergari.
Ez du niretzako begirik. Baina leihoaren markoan, teloirik gabe, ez da luze egon zerura begira. Niri eskaini dit posea. Niri eskaini dit antzezlana. Nahi bai nik! Ozen txalo eginagatik, ez du niretzako belarririk. Izotzezko mendiari begiratu dio, zeharka. Eta tentazioari ezin eutsita, aulkitik elur gainera salto egin du; umeek putzuetara egiten duten bezala, ahalik eta gehien bustitzeko asmoz. Momentu batez, lainoetan ibiltzeko plazerak goizeko lehen irribarrea ireki dio. Nik ikusi diot, nahiz eta ez didan niri eskaini. Iceberga zapaltzen jarraitu du mahaspasa izan zitekeen izara moreak ardoa eman duen arte.
Hurrena, mozkorraldia pasatu zaionean, biziraun duten oihal zatiekin korapiloa egin eta besapean hartu ditu denak. Zapalduaren burua garaipen-ikur moduan daraman gerlaria dirudi, bekozko eta guzti. Martxa martziala markatzen dute oin biluziek zoruaren kontra pausoak botatzean. Leihoa irekitzera doa. Ireki du. Martxa martziala markatuz argia itzaltzera doa. Itzali du. Eta haizeari txistuka logelan sartzen uzteko, bera irten egin da. Lau hormen mugan haizeak ez du dantza lagunik topatu eta koaderno honen orriak pasatzeko ahaleginik ere ez du egin: nik abestiari letra noiz jarriko eta orri zuriak noiz beteko zain dago.
Beraz, protagonistak bizi den seinalea ematen didan arte, zertan ari den imajinatu egin beharko dut: besapean zeramatzan oihan guztiekin labadora bete eta jarri egingo zuen; kafesnea berotzen izango du mikrouhin labean; bitartean, komunean pixa egin eta aurpegia garbituko du bera dela ziurtatzeko; eguneko hirugarren alarma entzutean, Pauloven txakurrari bezala listuz beteko zaio ahoa eta korrika sukaldera joango da irratiarekin gosaltzera; labadorari itxaron behar dion tartea dutxatzeko aprobetxatuko du…
Baina espero ez bezala, labadora jartzeko, aurpegia garbitzeko, gosaltzeko eta dutxatzeko astirik hartu gabe, eraman dituen azpiko izarak, izarak, tapakia, ohazala eta errezelak besapean dakartzala logelan sartu da. Leihora hurbildu da eta trapuak esekitzen hasi da. Ordenan, leun eta egiten ari denarekin gozatuz. Pintza bakoitza jarri ahala, errosarioa esaten ariko balitz bezala, begiratu egiten dit, desafioka. Nire begiak bere egiten dituenean, tapaki, azpiko izara eta beste aurrera eta atzera mugitzeko tira egiten dio sokari. Errebelatu, eta belak edota pankarta zabaltzen ari da”: Ez ni alferrik ahotan ibili! Ea nola kontatzen duzun hau.
Amaia Artolazabal Amilleta