Urretxuko Udalak herriaren izena daraman beka aurkeztu berri du. Urretxuar balioen ikerketa burutzeko diru laguntza emango du, 5.000 eurokoa. Hamar hilabeteko epean burutu beharko da ikerlana.
Bekaren eta atzean duen egitasmo zabalagoaren aurkezpenen Urretxuko udaletxean Iñaki Zabala alkateak eta Gorka Garmendia kultura zinegotziak azaldu zutenez urretxuar balioak bere alde guztietan ikertzeko eta definitzeko iragarri dute beka. Soziologia, historia, artea, antropologia, ekonomia, hizkuntzalaritza, literatura, etnologia, zuzenbidea, jaiak, ohiturak eta, oro har, gizarte zientziei dagozkien ikerlanak eginaraztea lortu nahi dute.
Lehen aldia da Urretxuko Udalak tankera horretako beka bat kaleratzen duena. Eta legegintzaldiaren hasieran politikariek zehaztu zituzten bost ildo estrategikoetako bat osatzera dator, Urretxuko berezko balioa indartzea, alegia.
Ikerlanerako zirriborroa maiatzaren 14rako aurkeztu beharko da udaletxean. Bestelako datuez gain, gehienez 15 orrialdeko proiektua ere utzi beharko da, lana zeri buruzkoa izango den azaltzen duena. Gaztelaniaz edo euskaraz egin ahalko da. Eskaera egiteko beharrezko gainontzeko datuak oinarrien dokumentuan zehaztu dituzte Udalaren webgunean.
Egilea: Asier Zaldua.