Iaz jaiotako haurrei ongi etorria egingo diete eta 12 urtetik gorakoek jolas parkea izango dute
Hilaren 18tik 21era Santa Anastasia jaiak ospatuko dira. Jaiei hasiera indartsuago bat ematea izan da herritarrengandik eta eragileengandik jasotako ekarpenetako bat. Horri eta beste hainbat ekarpenei erantzun nahi izan die Urretxuko Udalak, aurten ere herriko eragileekin batera ondu duen egitarauan. Egitarau osoa datozen egunetan zabalduko badu ere, berrikuntzak aurreratu nahi izan ditu giroa pizteko.
Berrikuntzak lantzeko orduan, jasotako eskaerez gain, euskara, Euskal Herriko hainbat lurraldetako eskaintza eta genero berdintasuna hartu ditu aintzat Sustapen Soziokulturalerako sailak.
Irailaren 18an, suziria lehertzearekin batera, beraz, Sakatu elektrotxarangak herriko kaleetan joko du. Gauean, 22:00etatik aurrera, PsychoClown su eta perkusio ikuskizuna izango da. 23:00etan kontzertuak izango dira Gernikako Arbola plazan: 480280 eta Xiberoots taldeek joko dute. Ondoren, txosnetan, XSakararen kontzertua hasiko da.
Haurrei eta nerabeei bideratutako eskaintza indartzea izan da jasotako beste eskaeretako bat. Jaien hasieran protagonismo berezia izango dute haurrek zein nerabeek: iazko haurrei ongi etorria egingo zaie udaletxeko portaloian 17:00etan eta 12 urtetik gorakoentzako parkea izango da Belaustegi plazan (16:00). Plaza hori izango da haur eta nerabeen erreferentziazko gunea. Izan ere, larunbat arratsaldean egurrezko jolasak izango dira, astelehen goizean eta arratsaldean parke handia izango dute eta astelehen arratsaldean Potx magoaren ekitaldia. Larunbat goizean poniak eta jolasak izango dituzte, Elizalden.
Euskal Jaian erromeria doinuak izango dira nagusi, baina herritarrek bestelako doinuak ere eskatu dituzte. Hori dela eta, Süneren kontzertua izango da kandela piztearen ondoren. Dena den, arratsalden eta gauean ez da erromeriarik faltako: arratsaldean Gauargi taldeak Gernikako Arbola plazan joko du eta gauean Bide Batez taldeak txosnetan.
Beste berrikuntza bat ez da horren positiboa izango: gazteen, bertan lan egin izan dutenen eta gurasoen iritzia jaso ondoren, asteleheneko bazkaria ez antolatzea erabaki da. “Ez zegoen segurtasun fisiko zein emozionalez egiteko bermerik, azken urteetan sortu den jokabide desegokien inertziagatik”.
Ekarpenekin jarraituz, zenbait herritarrek jaietatik kanpoko asteburu batean Kuadrillen Eguna egitea proposatu dute. Urrian abiatuko den parte hartze prozesuan aztertuko den gaietako bat da.
Zezentxoei dagokienez, bi ekitaldiak astelehenean izango dira Elizalden. Goizean, 16 urtez azpikoentzako zezentxoak (12:00) izango dira eta arratsaldean (18:00) 16 urtez gorakoentzako bigantxak. Arratsaldeko saioan, herri kirolek eta bigantxek bat egingo dute.
Berrikuntzekin jarraituz, adinekoentzako kontzertu bat antolatu dute: Me Vale Madre taldeak rantxerak joko ditu astelehen eguerdian (12:30) Gernikako Arbola plazan.
Bukatzeko, larunbateko kontzertu handia Kaotiko taldeak egingo du. 23:00etan izango da, Gernikako Arbola plazan.
