Gaur, San Valentin eguna izanik, maitasunaren inguruko hitzaldia antolatu du Urretxuko Mairi emakumeen elkarteak. Hitzaldia Maria Angeles Machin psikologoak emango du eta heldutasunean maitasuna nola bizitzen den azalduko du. Solasaldia 16.00etan hasiko da Aizpurunea kultur etxean. Machinen arabera, maitemintzearen ezaugarriak berdinak dira adin guztietan, baina adinaren arabera ezberdin bizitzen da. Psikologoaren iritziz, «lehenengo maitasuna sutsuagoa da, gorputzarekin bizitzen da gehiago. Gero, gorputzak presentzia badu ere, lasaiago hartzen dugu».
Maitemintzen garenean gorputzak modu jakin batean erantzuten du. Baina, Machinek dioenez, «bihotzak zerikusi gutxi du maitemintzearen prozesuan, burmuina baita gure gorputzean endorfina jakin batzuk zabaltzeaz arduratzen dena». Horrek gustura sentiarazten gaitu psikologoaren iritziz.
Machinek makina bat hitzaldi eman ditu Urretxun Mairikoek gonbidatuta, «aurretik, sexuaz eta jeloskortasunaz hitz egin dut, besteak beste», dio. Gaiak normalean Mairik proposatutakoak izaten dira. Urretxura oso gustura etortzen dela aitortu du, «oso ondo pasatzen dut. Oso emakume talde interesgarria da, irekia eta adimena asko lantzen duena», azaldu du. Hitzaldiak arrakastatsuak izaten dira, 70 bat emakume bildu izan dira, esaterako, aurrekoetan.