Urretxuko The Intrepid Fox tabernak hamahiru urte beteko ditu bihar. Hori horrela, Iñaki Lizarralde tabernaren jabeak urteurrena ospatzeko asteburu osorako ekintzak antolatu ditu zenbait lankide eta lagunekin batera. The Inteprid Fox ez da ohiko taberna bat, edo ez zen behintzat asmo horrekin jaio. «Kultur gune bat sortzea zen nire asmoa», gogoratu du Lizarraldek. «Egunerokotasunetik harantzago, tabernari beste modu bateko bizitza eman nahi nion ekintza ezberdinak antolatuz», gaineratu du.
Lizarralde gazte-gaztetatik mugitu izan da beti kulturgintzaren arloan. «Koadrilako lagun gehientsuenak dira artistak, margolariak, poetak edo musikariak», azaldu du. Kultur talde batzuetako kide ere izan da, «Hits&Fitsen, UZTAn -Urretxu-Zumarragako Talde Antimilitaristan- eta abarretan ibilia naiz, eta orduan etengabe antolatzen genituen kontzertuak eta beste mota batzuetako ekintzak», dio. Urretxuko gaztetxe zaharrean ibilitako urteek ere utzi dute bere arrastoa Lizarralderengan, «urterik oparoenak izan ziren niretzat. Gaztetxean gustukoak genituen ekintzak antolatzeko askatasuna genuen. Gure irudimenari hegan egiten uzten genion garaiak ziren», oroitzen du.
Bestalde, gazte garaian herriko tabernetan gustuko eskaintzarik aurkitzen ez zuela eta, kanpora joateko joera handia zuen Lizarraldek. «Ondoko herrietan antolatzen ziren kontzertuetara joaten ginen. Horrek, bizitzaren ikuspegia zabaltzeko balio izan dit». Korronte eta bizipen guzti horietatik sortu zen The Intrepid Fox bezalako taberna bat sortzeko ideia. Proiektua bera Asier Perezena da, eta barruko margoak Concetta Probanzak egin zituen. Biak zumarragarrak eta Lizarralderen lagunak dira.
Asteburua ekintzaz beteta
Gaur hasita igandera arte hainbat ekintza izango dira tabernan bertan. 23:00etan Hendrik Röver-en eta 00:30ean The Jontxus taldearen kontzertu akustikoak izango dira. «Lehena orain 20 urte ezagutu nuen Los Deltonos taldeko abeslaria da eta bigarrena tabernako zenbait zerbitzarik osatutako taldea», dio Lizarraldek. Larunbatean zerbitzari guztien bazkaria izango da. «Hamahiru urtetan 32 pasa dira guztira eta bihar 26 bilduko gara», azaldu du. Ondoren, 19:00etan bakarrizketa izango da zenbait herritarren eskutik. Igandean Anari bakarlaria izango da Foxen bakarkako kontzertu akustikoan. Kontzertuetarako sarrerak 5 euroan salduko dira Foxen bertan.