Langile bat hil da Arcelorrek Zumarragan duen lantegian
Gaur, 18:30ak aldera 30 eta 34 urte arteko gizonezko bat hil da ArcelorMittalek Zumarragan duen lantegian. Logistika esparruan lanean ari zen langilea horga batek harrapatu du, eta bertan hil da. Langileen ordezkariek 24 orduko lanuztea deitu dute eta bihar elkarretaratzea egingo dute.
Aitor Maestro UGT sindikatuko ordezkaria da ArcelorMittalen, esan duenez “gero eta gehiago dira gertatzen ari diren istripuak eta horregatik orain lau egun lantegi kanpoan elkarretaratzea egin genuen Segurtasun gehiago istripu gutxiago lelopean“. Maestrok azken hilabete erdian siderurgia lantegian jazotako beste bi istripu larri gogoratu ditu: “Garabi baten kolpeak garezurra apurtu zion langile bati eta ez da denbora asko beste langile batek barrabil bat galdu zuela mahuka batek jo eta gero”.
EHBilduk eta CCOO sindikatuak ere salatu dute istripua. Sindikatutik zehaztu dutenez, istripua gertatu den eremua “arriskutsua da eta CCOO aspaldi ari da enpresari badaezpadako neurriak eskatzen”. Zabaldu berri duten berrian jakinarazi dutenez, “gertatutakoa argitzeko beharrezko ikerketa egitea exigitu” diote enpresari, eta “halakorik errepikatu ez dadin neurriak hartu ditzatela”.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide