
Urretxu-Zumarragako Irabazi plataformako kideak. Erdian Unai Orbegozo eta Alberto La Rosa alkategaiak. / Maialen Igartua
Bi herriak bateratzeko proposamena egitea ezinezkoa ikusten dute oraingoz Zumarragako eta Urretxuko Irabazi plataformako kideek, baina “gaia mahai gainean jartzeko unea” dela uste dute. Areizaga Kalebarren plazako zubian aurkeztu dute landutako herri programa, bi herriak batzen dituen zubian hain zuzen.
Plataformako kideen esanetan bi herriek arazo berberak dituzte, eta erantzun bateratua eman behar zaie. Horretarako, bi herrietarako batzorde komunak sortzea proposatu dute hainbat alor era bateratuan kudeatzeko, esaterako, kirol zerbitzuak. Modu horretan udalen kudeaketa “eraginkorragoa” izango litzatekela adierazi dute, eta gastuak txikiagoak.
Hirigintza eta etxebizitza.
Etxebizitza berriak egin ordez, hutsik dauden etxebizitzen alokairu soziala bultzatu eta bideratuko dutela adierazi du Alberto La Rosa Urretxuko alkategaiak. Erdiguneko kaleak, berriz, oinezkoentzako egokitu nahi dituzte, eta txirrinduentzako bideak areagotu. Bi herrien arteko autobus zerbitzu komuna ere bultzatu dute.
Neurri fiskalak eta zerga bereziak.
Unai Orbegozo Zumarragako alkategaiak ere hartu du hitza aurkezpenean, eta, besteak beste, ingurugiroa babestuko dutela adierazi du. Horretarako neurri fiskalak eta zerga bereziak proposatu dituzte, esaterako, gehien kutsatzen duten enpresentzat.
Beste hainbat puntu:
- Euskal eskola publikoa eta tokiko komunikabideak babestea, “euskararen normalizazioarako beharrezkoa direlako”.
- Parte hartze handiagoa: udal batzar irekiak, aurrekontu parte hartzaileak…
- Azpikontratatutako zerbitzuak udalaren esku geratzea (garbiketa, lorezaintza…), eta horiek kudeatzeko erakunde publikoak sortzea.
- Udalaren beharretarako herriko langabetuen kontratazioa.
- Berdintasun politikak eta herriko talde feministak bultzatzea.
- Kultura ezberdinen integrazioa bultzatzea, horretarako udal aurrekontuaren zati bat erabiliz.
- Herriko instalazioetarako sarrera bakoitzaren errentaren araberakoa izatea.
- Elizaren abantailei aurre egitea.
- Giza eskubideen defentsa esplizitua.