Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek adierazpen bat adostu dute
Uztailean Urretxuko Jai batzordean parte hartzen duten herritar eta eragileek aurten jairik ez ospatzea erabaki zuten eta Urretxuko Udalean ordezkaritza duten talde politikoek erabaki honekin bat egin dute. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko ordezkariek adierazpen bateratu bat prestatu dute eta bertan herritarrei asteburu honetan jai girorik ez pizteko eskatu diete.
Jaiak ospatzea “ezinezkoa” dela argi utzi nahi dute. “Beste edozein urtetan egunotan ilusioz beterik ibiliko ginateke gure herriko Santa Anastasia jaiei begira, antolaketa lanetan, jai giroan… baina aurten ez, ezinezkoa da”.
Jai batzordeko kideek hartutako erabakia txalotu dute. “Uztailean argitasun handiz erabaki zen herritar eta jaietako eragileon artean, jarrera txalogarri bezain arduratsua erakutsiz, aurten ez genituela Santa Anastasia jaiak ospatuko. Ez betikoak, ezta gaizki deituriko ez jaiak ere. Zalantza izpirik gabe, denon osasuna lehenetsiz, eskuzabaltasunez uko egin behar diogu jaiek berekin dakarten pertsona elkartze eta pilaketari”.
Herritarrei arduratsuak izateko eskatu diete. “Herritarrok kontuan hartu behar dugu aurten ez dugula jairik ospatzen. Ez ditzagun jaia egitera edo jende pilaketak egotera bultzatu ahal dituzten ekintza edo jarrerak izan, irailean zehar baina bereziki irailaren 18tik 21era, jaiak izango ziren asteburuan”.
Bestalde, Urretxutik kanpo bizi direnei asteburu honetan Urretxura ez etortzeko eskatu diete. “Beste herri batean bizi zaretenei, mesedez, gure herrira festa egitera ez etortzeko eskatzen dizuegu”.
Udal ordezkariek herritarrak zentzudunak izatea espero dute. “Urretxuko Udaleko ordezkariok konfiantza osoa daukagu herritarrok beste behin ere elkar zainduko dugula, zentzuz jokatuko dugula, orain arte bezala. Izan gaitezen arazoaren konponbide eta ez oztopo. Ez diezaiogun utzi birusari gure herrian sakabanatzen eta kontrolatu ezin den egoera batera heltzen. Gure ekintzek ondorio larriak izan di-tzakete gugan eta maite ditugun pertsonengan. Izan gaitezen zentzudunak eta jokatu dezagun errespetuz, beranduegi izan baino lehen”.
Datorren urtean festak ospatu ahal izateko, aurten zuzen jokatu behar dela gogoratu dute. “Datorren urtean jaiak ospatu eta elkarrekin egon ahal izateko, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da orain neurriak hartu eta elkar zaintzea. Ziur gaude hala egingo dugula. Zentzuz jokatu: jairik ez bada, jai girorik ez dagokio irailari. Gora Urretxu eta urretxuarrak”.