Asteazkenean, 18:00etan, bilera irekia egingo dute Zumarragako plazako arkupe itxietan
Koronabirusa heldu zen arte, Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea egunero irekitzen zen, eguneko 24 orduetan. Osakidetzak itxi egin zuen koronabirusari aurre egiteko eta urriaren 3an ireki zuen berriro, baina larunbat, igande eta jai egunetan bakarrik irekitzen da, 09:00etatik 21:00etara. Sindikatuek hainbat kontzentrazio egin dituzte lehengo baldintzetan ireki dezaten eta orain herritar talde batek Etengabeko Arreta Gunearen aldeko plataforma sortu nahi du. Lehen bilera datorren asteazkenean izango da, 18:00etan, Zumarragako plazako arkupe itxian (larunbateko azokan baserritarren postuak egoten diren tokian). Herritar guztiak asteazkeneko herri batzarrean parte hartzera animatu dituzte.