PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin-Zumarragak alde bozkatu dute eta EH Bilduk aurkako botoa eman du. Forjas de Zumarraga enpresa zegoen tokian etxeak egingo dituzte
Zumarragako Udalak Forjas izeneko eremuaren garapena onartu du azkeneko osoko bilkuran. PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak alde bozkatu dute eta EH Bilduk aurka.
Mikel Serrano alkateak adostutako garapenak bizilagun gehienen oniritzia duela eta etxebizitza beharrari aurre egiteko balioko duela esan zuen.
Josu Aztiria EH Bilduko bozeramaleak ez dutela argi ikusten erantzun zion. Beraien ustez, inguru guztia batera garatu beharko litzateke. «Gure ustez, eremu guztia osotasunean garatu beharko litzateke. Ipintza eta Forjas banatuta, asko kostako da Ipintza garatzea».
Bidea eta etxebizitzak
Kalebarren, Forjas eta Ipintza lotuko dituen bide berria egitea ere asko kostako dela uste dute. «Kalebarren, Forjas eta Ipintza lotuko dituen bide bat egitea aurreikusten da, baina Ipintza garatu arte ezin izango da egin».
Bestalde, ez dute uste etxeak behar direnik. «Etxebizitza huts asko daude eta bigarren eskuko etxe asko saltzen ari dira. Hori dela eta, ez dugu argi ikusten etxebizitza berrien eraikuntza».
Babestutako etxebizitzak saihesbidearen ondoan egingo direla eta dokumentuan udalak mozkinen %10 bakarrik eskuratuko duela jartzen duela ere kritikatu zuen. «%15 kobratu beharko luke», esan zuen Aztiriak.
Serranok azken 50 urteetan inguru hura zaharberritzeko egin diren ahalegin guztiak alferrikakoak izan direla gogoratu zuen. «Toki bikaina da eta garai onetan sustatzaile asko interesatuta egon ziren, baina egun oso zaila da halako operazio bat aurrera ateratzea. Eremua hiru zatitan banatzea erabaki dugu, 50 urtetan ez dugulako dena batera garatzea lortu. Gainera, diseinua bateratua izango da. Kalebarren, Forjas eta Ipintza lotuko dituen bideari dagokionez, ez da beharrezkoa izango hiru eremuak garatzea bidea erabili ahal izateko».
Bukatzeko, Zumarragarentzat «oso albiste ona» dela esan zuen. «Herriko sarrera duintzeko eta inguru hartan bizi diren adineko bizilagunei igogailudun etxebizitzak eskaintzeko balioko du. Plaza handi bat, etxeak eta aparkalekuak lortuko ditugu lantegi zaharrak dauden tokian».