Estalkiaren inpermeabilizazio lanak amaitu dituzte, ur bero instalazioa aldatu dute eta wifi teknologia jarri dute. Bigarren fasean berokuntza sistema aldatuko dute.
Urretxuko Udala Aldiri kiroldegia zaharberritzen ari da. Lehen fasea amaitu da jada. Lehen fase honetan sabaia inpermeabilizatu dute, ur beroaren instalazioa aldatu dute eta wifi teknologia jarri dute.
Kiroldegiko estalkia 2004an jarri zen. Urte hartako neguan elur asko egin zuen eta gainean pilatutako elurraren ondorioz estalkia erori egin zen. Egungo estalkiaren etsaia, berriz, txingorra izan da. Kazkabarrak estalki gaineko materiala hondatu zuen eta ordutik itoginak zeuden. Ura kantxara erortzen zen eta kirola egitea zailtzen zuen.
Hori ikusita, Urretxuko Udalak konponketak egin zituen azaroan eta abenduan. Alperrik izan zen, ordea. Hala, udalak inpermeabilizazioa berritzea eta kiroldegiari argi naturala ematen dioten bost argi-zuloak aldatzea erabaki zuen.
Lanak otsailean hasi ziren. Urretxuko Aldiri kiroldegiko estalkiak 1.865 metro koadro ditu eta aurrekontua 70.000 eurokoa izan da.
Ur beroa
Kiroldegiaren zaharberritzearen lehen fase honetan, estalkia konpontzeaz gain, ur beroaren galdara aldatu du. Gasoliozko galdarak urte asko zituen eta kondentsaziozko galdara batengatik aldatu du. Galdara honek %20 gutxiago kontsumitzen du eta, beraz, negutegi gas gutxiago isuriko du.
Udalak, galdara eta ur biltegia aldatzeaz gain, galdara gelako instalazioa zaharberritu du. Izan ere, hainbat elementu zaharkituta zeuden dagoeneko. Aurrekontua 35.000 eurokoa izan da.
Horretaz gain, wifi sarea instalatu du. Horri esker, kirol taldeek beraien partidak zuzenean eman ahal izango dituzte eta federazioei norgehiagokei buruzko datuak denbora errealean igorri ahal izango dizkiete.
Gainera, ikastaroetan orain arte baino lagun gehiagok parte hartu ahal izango dute. Izan ere, ikastaroak online emateko aukera egongo da.
Online ikastaroak merkeagoak izango dira. Bestalde, egun batean kiroldegira joaterik ez dutenek egun horretako saioa etxetik egin ahal izango dute.
Aldiri kiroldegiaren zaharberritzearen bigarren fasea aurki hasiko da. Udalak gasolio bidezko berokuntza sistema aldatuko du. Fitness gelan airea berritzeko gailua, berogailua eta aire egokitua jarriko dira. Kantxan eta harmailetan, berriz, gas naturalarekin funtzionatzen duten tutu erradiatzaileak jarriko dira. Sistema honek ez du airea berotzen, baizik eta berarekin kontaktua duten gorputzak.