Euskaldun askok euskaraz hitz egiteko eta irakurtzeko zailtasunak dituzte. Hori ikusita, Urretxuko Udalak irakurtzen eta mintzatzen trebatzeko saioak antolatu ditu liburutegian.
Arrazoi ezberdinak medio, euskaldun askok euskaraz hitz egiteko eta irakurtzeko zailtasunak dituzte. Hori ikusita, Urretxuko Udalak Irakurketa Errazeko Kluba Euskaraz programa martxan jarri du.
Talde hau astero bilduko da liburutegian. Irakurketa programetan eskarmentua duen Monica Leivak zuzenduta, parte-hartzaileek euskaraz irakurri eta hitz egingo dute bertan, dinamizatzailearen laguntzarekin eta inongo beldurrik eta konplexurik gabe. Izan ere, irakurketa klubak, irakaskuntzaz gain, sozializazio funtzioa ere badu.
Beharra
Proiektu hau herrian atzemandako behar bati erantzuteko jaio da, euskaraz hitz egin eta ulertu arren irakurtzeko edo idazteko arazoak edo ohitura falta duten horiek proposatuta. Dela erdaraz alfabetatu zirelako, dela horretarako foro egokirik topatu ez dutelako, asko dira Urretxun euskara batuan irakurtzen ez dutenak, eta gustura egingo luketenak.
Klubeko kide batek esan bezala, «euskara, ahoskatzen eta irakurtzen ez den edozein hizkuntza bezala, herdoildu egiten da. Erabili nahi dugunean barregarri eta segurtasunik gabe sentitzen gara, eta ez gara ausartzen». Hori ekiditeko, gune seguru eta atsegin bat sortu du udalak, non parte-hartzaileek euskaraz hitz egin, esperimentatu, hanka sartu, esamolde berriak ikasi, erabili eta hobetzeko aukera izango duten.
Ostegunero elkartuko dira, hilaren 22tik aurrera, 15:00etatik 16:00etara, liburutegian. Izena emateko 943 03 80 83 zenbakira deitu behar da edo aniztasuna@urretxu.eus helbidera idatzi.
Leivak herritarrak parte hartzera animatu ditu. «Euskaldun berria naizenez, nirekin jendea lasai arituko dela pentsatzen dut. Saioak denon artean moldatuko ditugu. Irakurketa errazeko materiala erabiliko dugu. Irakurketa errazeko liburuek esaldi motzak, hitz errazak eta letra handiak dituzte. Gainera, liburu bakoitzaren ondoren liburu horrekin lotutako tailer edo irteera bat egingo dugu. Euskaraz hitz egiten eta irakurtzen trebatzeaz gain, lagunak egingo ditugu», azaldu du Irakurketa Errazeko Kluba Euskaraz egitasmoko dinamizatzaileak.