Sei urte eman ditu Urretxuko Udalean

Datorren asteko Urretxuko osoko bilkuran, Iñaki Etxaniz Arregi EH Bilduko zinegotziaren kargu uztearen onarpena gauzatuko da.
Legealdi honen hasieran, Etxanizek Urretxuko EH Bilduren taldearen alde, aurreko lau urteetan egindako lanari beste bi urteko ibilbidea gehitzea erabaki zuen. Kargua uzteko ordua heldu da eta EH Bilduko kideek eskerrak eman nahi dizkiote “sei urteko ibilbide honetan eskainitako laguntzagatik, jasotako aholkuengatik, erakutsitako adorearengatik eta elkarrekin konpartitutako egoera zail eta ezberdinetan egindako lan guztiagatik”. Bestalde, hemendik aurrera izango dituen eginkizunetan “orain arte bezain fin” aritzea opa diote.