Iparragirre eta Gernikako Arbola plazak postuz bete dituzte gaur goizean artisauek
Bigarrengo urtez jarraian, urretxuarrek ez dute Santa Anastasia jaiak ospatzeko aukerarik izan pandemiak sortutako egoera dela medio, baina jaien ordez, udalak eta kultur taldeek hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Gaur goizean artisauen txanda izan da, Iparragirre eta Gernikako Arbola plazetan antolatutako folklore eta artisau azokekin. Dagoeneko 40 urte inguru igaro dira artisauak data hauetan azoka egiten hasi zirenetik. Hasiera batean taloak, uztarria, gazta eta beste hainbat lan egiten zituzten eskulangileek Urretxun; usadioa mantentzeko asmoz, dantza taldeak hartu du azoka hau antolatzeko ardura azken urteetan, eta ohiturak aldatu egin diren arren, oraindik ere euskal folklorearekin lotutako produktuak saltzen jarraitzen dute, dantzari jantziak edota musika tresnak esaterako.
Iparragirre 12 elkarteko artisauak ere kalera irten dira euren produktuak saltzeko asmoz. Artisauen esanetan, pandemiaren eragina nabaria izan da, baina hala ere jende ugari ibili da euren postuetan eta salmentak ongi joan direla aipatu dute.