Iñaki Kerejeta txistularia gogoan dugula hasiko dira gaur Urretxuko Santa Anastasia jaiak. Biharko txistularien alardea inoizko hunkigarriena izango da. Kerejeta Urretxuko Lizarriturri txistulari taldeko kidea zen eta herriko beste hamaika ekimenetan ere parte hartu zuen. Beti laguntzeko prest, herriko Olentzero izan zen eta baita Irrintzi taldeko txistularia ere. Realzale eta pilotazale sutsua zen. Iaz, Musti Taldearen omenaldia jaso zuen, 50 urte bete zituelako Realeko bazkide gisa.
Hileta elizkizuna bihar (larunbata) izango da, 18:00etan, Urretxuko San Martin de Tours parrokian. Lehenago, Kerejetaren senitartekoak Zumarragako beilatokian izango dira, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:30era.

