Urretxu eta Zumarragako alkateek aurten Santa Lutzi feria egingo dela aurreratu dute. “Ez da pandemia aurrekoa izango eta ezta datorren urtekoa bezalakoa ere”, esan du Serranok. Alkateak Zumarragan lehen sektoreko postuak bakarrik jartzea aztertzen ari direla aurreratu du: plazakoak, ganadua eta makinaria. “Oraindik ez dakigu zenbat postu jarri ahal izango ditugun eta jartzen direnek une horretako neurriak beteko dituzte”.
Jon Luqui Urretxuko alkateak Urretxun ere postuak jarriko direla ziurtatu du. “Udan irekitzen dugu postu eskaera, baina aurten LABIren erabakiaren zain geunden. Feria egongo da. Postuak egongo dira. Itxura guztia du”. Ekitaldiei dagokienez, Luzio Gabiriaren oroimenezko bertso jaialdiaz gain, idi-probak eta pilota partidak ere egongo direla uste dute.