Goizean grafiti tailerra egongo da Zelai Arizti pilotalekuan .Arratsaldean DJ Beniz, Aigory, Sofia Gabanna eta Foyone-k kontzertua egingo dute Izazpi auzoko kantxa estalian

Gipuzkoako Foru Aldundiak beste eragile eta udalerri batzuekin elkarlanean antolatzen duen Gipuzkoan Gazte Tour ekimenak Zumarragan geldialdia egingo du hilaren 16an. Grafiti tailerra eta kontzertuak egongo dira.
Grafiti tailerra Zelai Arizti pilotalekuan izango da, 12:00etan. GKOk pintura teknika ezberdinak eta diseinu bat hutsetik sortzearen nondik norakoak azalduko ditu. Gainera, parte hartzaileek bi horma irudi egingo dituzte. Tailer honetan nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute.
Hip-hop kontzertua
Arratsaldean DJ Beniz, Aigory, Sofia Gabanna eta Foyonek kontzertua egingo dute Izazpi auzoko kantxa estalian. 18:15ean hasiko da. DJ Beniz (Ander Garcia de Albeniz zumarragarra) 13 urterekin hasi zen rap musika entzuten. Ordutik, proiektu ezberdintan parte hartu du.
Aigory Donostiako Altza auzokoa da. Bere bizipenak kantuen bidez azaltzen ditu. 2017an The neighborhood izeneko EPa atera zuen SNKT taldearekin eta Gudaris abestia oso ezagun egin zen. Une horretatik aurrera, profesionalizatzen hasi zen.
19:00etan Sofia Gabannak joko du. Gabanna argentinarra da. Bartzelonan bizi da eta jarraitzaile asko ditu. Musikari ezberdin askoren eragina jaso du: Amy Winehouse, Alicia Keys, Whitney Houston, Violadores del Verso, Nach, Fito Paez, Calamaro… Bukatzeko, 20:00etan Foyoneren kontzertua hasiko da. Foyone Malagako rap kantari bat da.
Kontzertu honetara joan nahi dutenek, gonbidapenak eskuragarri dituzte dagoeneko. Zelaiarizti.sacatuentrada.es webgunean, hain zuzen ere. Zelai Arizti aretoko makinan ere eskura daitezke. Pertsona bakoitzak lau gonbidapen eskura ditzake, gehienez.
Gipuzkoan Gazte Tour egitasmoaren helburua Gipuzkoako artistak ezagutzera ematea du eta 12 eta 25 urte bitarteko gazteei aisialdi aktiboa eskaintzea da. Aurtengo ekitaldiak Arrasaten, Zumarragan, Andoainen, Hondarribian, Eibarren eta Errenterian izango dira.