Bi herrietako odol emaileen delegazioak diplomak eta opariak eman dizkiete 25, 40, 50, 60, 70, 80 eta 100 alditan odola eman duten herritarrei. Guztira 18 herritar izan dira omenduak.
Zumarragako eta Urretxuko odol emaileen delegazioak urteroko aitortza ekitaldia egin du gaur eguerdian Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian. Ekitaldian, omendutako odol emaileez gain, Urretxuko Jon Albisu eta Zumarragako Arantxa Gonzalez zinegotziak ere izan dira.
Bi ordezkari politikoek odol ematearen ekintza balioan jarri dute, odola ematen duten herritar horien elkartasuna, gizatasuna eta konpromisoa azpimarratuz. Odol emaileen elkartea duela 55 urte martxan jarri zela ere gogoratu dute, eta urte hauetan guztietan hainbat eta hainbat herritarren elkartasun ekintza horrek makina bat bizitza salbatu dituela nabarmendu dute. Urretxun eta Zumarragan 2017an 871 odol emaile zeudela izena emanda ere ekarri dute gogora, eta iaz, 2020an, COVID-a tartean izanda ere, 600dik gora odol emate zenbatu zituztela esan dute.
18 aitortza
Ondoren, banan bana eman dizkiete diplomak, intsigniak eta opariak omendutako odol emaileei:
- 25 aldiz odola emateagatik: Agurtzane Aramendi Elduayen, Ana Maria Arostegi Goenaga, Alberto Gereta Palacio, Juana Requejo Diaz eta Gorka Rubial Elorza zumarragarrak eta Carmen Cristobal Zabala. urretxuarra.
- 40 aldiz odola emateagatik: Ascension Beruete Galdeano eta Mª Jesus Etxabe Iraola zumarragarrak
- 50 aldiz odola emateagatik: Eugenio Esteban Alonso Garcia urretxuarra eta Jose Antonio Taboada Canas zumarragarra.
- 60 aldiz odola emateagatik: Celia Canduela Liquete eta Maria Victoria Segurola Mazmela urretxuarrak, eta Maria Gema Oria Alustiza zumarragarra.
- 70 aldiz odola emateagatik: Jesus Maria Misiego Diaz zumarragarra
- 80 aldiz odola emateagatik: Maria Angeles Zaldua Kerejeta zumarragarra.
- 100 aldiz odola emateagatik (lehen aldia da Urretxu-Zumarragako odol emaileen delegazioak aitortza hori egiten duena): Jose Miguel Elgarresta Murua eta Juan Isidro Iturbe Lete urretxuarrak, eta Iñaki Imaz zumarragarra.
Odol premia
Ekitaldia amaitzeko, Urretxu-Zumarragako delegazioko ordezkariak hartu du hitza, odol premiaz hitz egiteko. Azken hilabeteetan COVID-ak odol emateak gutxitzea ekarri duela aipatu du, eta birusaren azken aldaeraren kutsatu kopuru handiek horretan eragin zuzena izan dutela gogoratu du, herritar batek, kutsatuz gero 28 egun itxaron beharko dituelako odola eman ahal izateko. Horren ondorioz, odol erreserbak asko gutxitu direla, eta odol emaileak behar direla azpimarratu du. Ildo horretan, dei berezia egin die gazteei.
Odol ateratzeak hileko azken asteartetan izaten dira, 16:15etik 20:15era, Zelai Arizti kultur etxean. Txanda hartzeko 943 00 78 85 telefono zenbakira deitu behar da.