Zumarragako Udalak Jose Angel Igartzabal bake epaileari Peñaforteko San Raimundoren Gurutzea emateko eskatuko dio izen bereko ordenari. Kondekorazio hori justizia administrazioan lan azpimarragarria egin dutenei ematen zaie. Ordenaren presidentea Espainiako Justizia ministroa da.
Igartzabalek 50 urte daramatza Zumarragako bake epaitegian lanean. 1972ko martxoaren 11tik da Zumarragako bake epailea. “Kondekorazioa merezi du, Zumarragaren eta bizikidetzaren alde egin duen lanagatik. 2.000 bikote baino gehiago ezkondu ditu eta bi aldeak ados jartzea lortu du kontziliazio ekintzen %90ean. Oso gutxi izango dira bake epaitegian 50 urte bete dituztenak”, esan zuen Mikel Serrano alkateak osteguneko osoko bilkuran. Alderdi guztiak alde bozkatu zuten.