Osteguneko osoko bilkuran, 2021eko aurrekontuaren kitapenaren berri eman zuten. Urretxuko Udalak inoiz baino diru gehiagorekin amaitu du urtea: 6.018.165 euro.
Soberakinaren zati bat, 548.183,56 euro, 2021ean onartu eta 2022an egiten ari diren obra batzuetarako erabiliko da: Pagoetako eliza zen eraikineko obra (ia 100.000 euro), bidegorrian (Aparizio parean) komuna eta adinekoentzako parkea (78.700 euro), Aparizioko obraren zati bat (20.284 euro), Sarralderen deskontaminazioa (ia 40.000 euro) eta mendi hegalen eustea (23.673 euro).
Soberakinaren beste zati bat, 603.000 euro, beste hiru egitasmo aurrera ateratzeko erabiliko da: Pagoeta auzoan euriaren eraginez erori zen bidearen konponketa (500.000 euro), komunak eta beste hainbat ekipamendu Pagoetako eliza zen eraikinean (75.000 euro) eta 28.000 euro proiektu batzuk idazteko (bidegorria Deskargarekin lotu eta igogailuak emakumeen etxean eta Pagoetako elizan).