Hasi dira Eitzako jaiak! Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, jendea festa gose da. Festarako eguraldi bikaina egiten du, gainera. Hala, jende andana elkartu da gaur arratsaldean Eitzan. Festak magia ikuskizunarekin eta txokolate janarekin hasi dira. Ondoren, txupinazoa egin dute eta buruhandiak atera dira. Gainera, Urolatarrak txaranga auzoko kaleetan jotzen ari da. 21:30ean afari herrikoia egingo dute ermitan. Gauerditik 04:00ak arte, DJ Inaxek auzoa alaituko du.
Horra hor gaur arratsaldeko argazki batzuk.
Bihar ere makina bat ekitaldi egongo da. 12:00etan toka txapelketa jokatuko dute San Gregorio kalean. Ordu berean, ZU Dantzaz taldeko kideek dantzaldia egingo dute eta auzoko pilotalekuan gaztetxoek pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte. 17:00etan kros herrikoia hasiko da eta 19:00etatik 21:30era Matraka elektrotxarangak auzoko kaleetan joko du. 23:30ean Iratzar erromeri taldeak kontzertua egingo du auzoko ermitan.
Igandean jaietako egun handia ospatuko dute: San Isidro eguna. 10:00etan Antxiñako Ama txistulari taldeko kideek goiz eresia egingo dute. 11:00etan meza egongo da. Mezan Goiargi abesbatzak abestuko du. Mezaren ondoren auzoko jubilatuek hamaiketakoa egingo dute. 12:30ean Irrintzi dantza taldeko Dantzari Txiki festan parte hartuko duten haurrek Eitzagan dantzatuko dute. Eguraldi txarra egiten badu, dantza saioa Beloki pilotalekuan egingo da. 13:00etan Zumarragako musika bandak kalejira egingo du auzoko kaleetan.
Jaietako azken hiru ekitaldiak igande arratsaldean izango dira. 16:00etan dantza gidatuak egongo dira. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. 18:00etatik aurrera Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldekoekin abesteko aukera egongo da. Bukatzeko, 22:00etan jaiei amaiera emango diete Korta tabernako plazatxoan.