Zentral eolikoen aurkako Gipuzkoako taldeek agerraldi kolektiboa egingo dute asteazkenean Elosuan, Azkoitiko Oletan ere Ez! taldeak antolatuta. Talde horretako eta Azpeitiko Sañu Bizirik, Zestoako Sainu Bizirik, Bergarako, Elgoibarko zein Soraluzeko Karakate Bizirik, Urretxu eta Zumarragako Urretxu-Zumarraga Bizi!, Zizurkilgo Andatza-Ezkeltzu Bizirik eta Usurbilgo Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeetako kideak elkartuko dira Bergara eta Azkoitia arteko auzoan.
Norbanakoek ere parte hartzeko aukera izango dute, mendi eta bizikleta martxa antolatu baitituzte. 09:00etan abiatuko dituzte bi mendi martxak Azkoitiko Altzibar auzoko Anaitasuna plazatik. Anaitasuna Mendi Bazkunak lagunduta, bederatzi kilometroko bidea egingo dute oinez Elosura; Azkoititik Aizpurutxora zuzenduko dira lehenengo eta handik Elosura. Mendi bizikletarekin, berriz, 20 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Anaitasuna plazatik Aizpurutxora abiatuko dira txirrindulariak eta Aizpurutxotik Bastarriña aldera, handik Elosu gainera iristeko.
12:30ean, Oletan ere Ez! taldeko kideek harrera egingo diete Gipuzkoako gainerako taldeei eta taldekideei. Orduan, mokadua egiteko aukera egongo da trikitilariek eta bertsolariek lagunduta; antolatzaileek parte hartzaileei bakoitzak bere edalontzia emateko eskatu diete. 13:00etan, agerraldi kolektiboa egingo dute auzoan, eta segidan, haize errota bat irudikatuko dute auzoan bildutako lagun guztiek zelai batean.
14:00etan, azkenik, bazkaria egingo dute auzoan bertan. Deitzaileek azaldu dute bakoitzak bere janaria eman beharko duela bazkarira. Tarte hori baliatuko dute, halaber, talde ezberdinetako kideak ezagutzeko eta ideiak elkarbanatzeko.