Pagoetako gune soziokulturalean (eliza ohian) egingo dute, 16:30ean

Urretxu-Zumarraga ikastolako 2. DBHko ikasleak bigarren eskuko azoka antolatzen ari dira. Azaroaren 18an izango da, 16:30ean, Pagoetako gune soziokulturalean (eliza ohia).
Horrelako ekintza bat antolatzeko, lankidetza, parte hartze kolektiboa, elkartasuna eta betebeharrak euren gain hartzea zeinen garrantzitsuak diren konturatzea da helburua. Antolatzaileek LH, DBH eta Batxilergoko ikasleei beraien ekimenaren berri eman diete eta erabiltzen ez dituzten objektuak ematea proposatu diete, berrerabilpena sustatzeko. Ikasleek makina bat jolas, liburu, arropa, bitxi… eraman dituzte ikastolara azokan saltzeko.
Urretxu eta Zumarragako herritarrei eskainitako azoka izango da. Ikasleek emandako objektuak erosteko aukeraz gain, beraiek egindako gozoak (bizkotxoa, madalenak…) dastatzeko aukera egongo da. Gainera, txikienek aurpegia margotzeko aukera edukiko dute.
Bildutako dirua ikasturte amaieran ikasle guztientzat festa bat antolatzeko erabiliko dute.