Ostiralean, 12:00etan, Kirolaren Gala egingo dute Zumarragako udaletxeko areto nagusian. Urteroko moduan, urteko kirolari onenak omenduko dituzte. Aurten, Elene Lete futbolaria, Igone Campos mendiko eskiatzailea, Maria Clavero jiu jitsu borrokalaria eta Josetxo Mujika triatleta omenduko dituzte.
Letek Realean jokatzen du. 2021-2022 denboraldian gol gutxien jaso zituen atezaina izan zen eta Reala Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu zen. Udan 20 urte azpikoen munduko txapelketa jokatzekoa zen, baina ezin izan zuen, lesio bat medio. 2022-2023 denboraldiaren hasierarako osatu zen eta, hala, Txapeldunen Liga jokatu ahal izan zuen.
Camposek taldekako Espainiako txapelketa irabazi du, Espainiako txapelketako proba bertikalean zilarrezko domina lortu du, Espainiako Kopan brontzezko domina lortu du eta Altitoy Ternua eta Andorra Skimo probak irabazi ditu.
Mujikari dagokionez, distantzia erdiko Europako txapelketa irabazi du (bere kategorian). Horretaz gain, Tel Aviveko Iron Man proba irabazi du eta horrenbestez munduko Iron Man txapelketan parte hartzeko sailkatu da. 65 urte ditu eta bizitza erdia baino gehiago darama dagoeneko triatloien munduan.
Claverok zilarrezko domina lortu du Espainiako txapelketan, Ne Waza modalitatean. Lehiatzeaz gain, haur, gazte eta helduen entrenatzailea da eta defentsa pertsonal eskolak ematen dizkie emakumezkoei.