Urretxu eta Zumarragak Santa Lutzi feria berreskuratu du, pandemiak eragindako bi urteetako etenaren ostean. 08:00etan hasi da ganadu feria
Santa Lutzi feria itzuli da. Osasun larrialdiak eragindako bi urteko etenaren ostean, normaltasunez egingo da azoka: animalien salerosketa, baratzeko produktuak, gozoak, artisauak… denetarik izango da. 08:00etan, esaterako, ganadu feria eta nekazaritzako tresneriena azokak zabaldu dira.
09:00etan gainontzeko azokak irekiko dira: fruta, barazkiak eta errezil sagarrak Euskadi plazan eta Gernikako Arbola plazan, eskulanak Urretxuko Iparragirre kalean eta Zumarragako Euskadi plazan eta Zelai Arizti pilotalekuan, ardo azoka Iparragirre plazan eta oilasko, kapoi eta ezti lehiaketak Areizaga-Kalebarren plazan. Toki berean, 13:30ean, fruta, barazki, errezil sagar, ezti eta ganadu sariketetako sariak banatuko dira.
Beti bezala, musika ere ez da faltako. 09:00etan Urretxuko Lizarriturri txistulari elkarteak eta Iratzarri taldeko dultzaineroek kalejira egingo dute. 10:30etik 12:30era, berriz, Secundino Esnaola musika eskolako trikitilariek kalejira egingo dute bi herrietan. Musikariekin bukatzeko, 11:30etik aurrera Zumarragako musika bandakoak eta Antxiñako Ama txistulari taldekoak izango dira kalejira egingo dutenak.
Kirol ekitaldiei dagokionez, 12:30ean herri kirol jaialdia egongo da Ederrena pilotalekuan eta 17:30etik aurrera profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira toki berean.
Gainera, 13:30ean artzain txakur erakustaldia egingo dute Zubimusu plazan (aurtengo ardiekin izango da) eta 18:00etan Urretxu eta Zumarragako idi proba txapelketako finala jokatuko da Zumarragako plazan. Iker Zubillaga Igeldoren, Egoitz Armaolearen eta Asier Izagirre Ipeñarrietaren idiek parte hartuko dute.
Bi udalek herritar eta bisitarien parte hartzea sustatzen duten ekitaldiak ere antolatu dituzte: argazki rallya eta Non dago Wally? jolasa, hain zuzen ere. Argazki rallyan parte hartu nahi dutenek, egunean bertan eman beharko dute izena: 09:00etatik 10:00etara, Urretxuko udaletxean. Non dago Wally jolasari dagokionez, Wally eta bere hiru lagunak aurkitu eta argazkia ateratzen dietenek feriako produktuen zozketan parte hartuko dute.