ZUbertsotan bertso eskolak martxan jarritako kateak bigarren itzuliari heldu dio Iñaki Larrañagak ere, 'Begipuntua, pintza eta burua' bertso sortarekin.
- Egilea: Iñaki Larrañaga
- Gaia: ‘Begipuntua, pintza eta burua’
- Doinua: Norbere mundu intimo
Irratia entzunez noa
auto baten barrutian,
pentsamendua lausoa
belarria irratian,
gizakiak urrun bista
omen dauka galtzorian,
Pantaila artean itota
Barne mundu negartian,
gertuko pertsona urrunak
gaur egun zein arrunt dian,
nik ere asko maite haut
baina badaezpada hi han,
herrena gailendu zaigu
gure begi erratian,
guzti honen konponbidea
ez daukagu urrutian (Bis)Gure eskuko pintzarena
dugu bigarren auzia,
hor eman omen genuen
primateetatik jauzia,
mobilek pintzaltzen dute
jakinminen gutizia,
eskuz idatzi nahi eza
eta hori ez da guztia,
burutik ez pasatzeak
dakarren muin gabezia,
pasibo ezjakitunak
dena du dependentzia,
fibraren abiaduran
azkar zabaltzen hasia,
atzeraka goazela da
diferentzi nagusia (bis)Narkotizazioa lagun
pantailez hankak airean,
errealizazio baxuak
ta inpultsoak zainean,
etorkizunaren presa
gaur egunaren gainean,
iraganari damuaz
bizi nahi ezen minean,
gazteak biagraz lepo
antsietatez ekinean,
burua ilez josia
ta garuna ezinean,
galdera erraz bat lagun
bizirik gauden heinean,
zein garapen nahi ote dugun
pentsa dezagun finean (bis)