Ibarluzea eta Armaolea herritarrek parte hartuko dute
Urretxuko San Joan pilota txapelketa asteazkenean hasiko da. Urteroko moduan, afizionatu mailako pilotari onenek parte hartuko dute.
Zuzendaritza berriak hainbat aldaketa egin ditu. Partidak larunbat goizetatik asteazken arratsaldeetara pasatzea erabaki dute. Izan ere, pilotariek txapelketa asko dituzte asteburuetan. “Gainera, txapelketa egonkor bat sortzea da gure helburua eta ezinbestekoa da egun dauden pilotari sendoenak gurean izatea. Bestetik, ikusle kopurua handitzeko aukera bezala ere ikusi dugu. Hori dela eta, maiatzaren 10etik hasita, asteazkenero, 19:00etan, final laurdenak zein finalerdiak jokatuko dira. Finala San Juan bezperan izango da, ekainaren 23an, 18:30ean hasita. Urretxun egun berezia izaki, zerbait berezia egin nahi dugu jendea gerturatu eta pilotaz gozatzeko. Txapelketa aurrera joan ahala joango gara informazio gehiago ematen, bai sare sozialen bidez, baita prentsaren bidez ere”, azaldu dute antolatzaileek.Pilotariei dagokienez, aurten, bi modalitate izango dira: promesak buruz buru eta afizionatuak binaka. Promesetan, Irribarria eta Etxeberria bezalako izena eta ospea duten pilotariak ikusi ahal izango dira. Horrez gain, herriko pilotariei ere protagonismoa eman nahi izan diete Armaolea eta Ibarluzearen partaidetzarekin. “Afizionatu mailan berriz, Labaka, Murua, Elola, Oskoz edota Azketa bezalako aurrelari ikusgarriak izango ditugu bertan. Aitor Mendizabal, aurreko urteko txapelduna eta herrian hain maitatua den pilotari antzuolarra ere txapelaren defentsan egongo da Lizeagarekin batera”.
Zuzendaritzako kideek herritarrak pilotaz gozatzera gonbidatu dituzte eta eskerrak eman dizkiete pilota txapelketa aurrera eramaten lagundu dieten boluntarioei, babesleei, Goierri Kirol Elkarteari eta Urretxuko Udalari.

