UZ BIzi!-k Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du "Arcelorreko hondakindegiko arau hauste guztiak salatzeko"
Argazkia: Eusko Legebiltzarra Asteartean UZ Bizi! taldeko Beñat Agirrezabal Etxeberriak Gasteizko Legebiltzarrean agerraldia egin zuen. Arcelorreko zabortegiaz hitz egin zuen, EH Bilduko Mikel Oteroren ekimenez.
Agerraldia ikusteko, sakatu hemen.
Horra hor UZ Bizi! taldeak bidalitako prentsa oharra:
“Agerraldia ingurumen arau hausteak, zabortegiaren ezegonkortasuna, hondakinek sortutako kutsadura eta hirigintza arau hausteak azalduz hasi zuen. Azalpen guztiak Eusko Jaurlaritzak egindako eta eskuratutako ikuskapen, errekerimendu eta txostenetan oinarrituta. Legebiltzarkide guztiek egindako aurkezpena balioan jarri dute, inork ez du zalantzan jarri berak azaldutakoa eta gaiari jarraipena egiteko konpromisoa hartu dute.
Arcelorreko zabortegian Olaberriko Arcelorretik datozen legez kanpoko eskoria pilaketa sistematikoak eman dira. Hau gutxi ez balitz, zabortegiaren mantenu akats larriak direla eta, Arcelorrek sei errekerimendu jaso ditu 2020tik gaur egunerarte. UZ Bizi!-k eskandalu hau publiko egin duen arte, zabortegian eskoria pilaketak jarraitu du, errekerimenduei entzungor eginez. Salaketa publikoaren ondorioz, badirudi mantentze lanak abian jarri direla eta ekainerako bukatutzat egon beharko lukete leheneratze lanek.
Eman diren pilaketen eta mantentze lan eskasen ondorioz, zabortegiaren segurtasun atalase edo faktorea, legeak onartutakoaren azpitik dago jaurlaritzako teknikariek osatutako txostenen arabera. Are gehiago, segurtasun faktoreak Zaldibarko zabortegiak hondamendia eman zenean baino baxuagoak izan dira. Kontuan izanik autobidea, ibaia eta trenbidea zabortegiaren eremuaren azpitik pasatzen direla, egoeraren larritasunaren tamaina ikusi dezakegu. Milaka tona isuri pilatu dira zabortegi ezegonkor batean, egunero milaka herritar igarotzen diren eremu baten gainean. Jaurlaritzako teknikarien arabera, zabortegian lixibiatuak daude, lur jausi nabarmenak antzeman dira, arrakalak daude paretetan, 2015az geroztik ez da burutu drenajeak berritzeko proiektua, urak husteko beharrezko proiektua… Hau gutxi ez, eta horrelako eskoria pilaketek airearen kalitatean izan dezaketen eragina ere arduratzeko modukoa da.
Arcelorreko eremu horretan eman diren lanak, Zumarragako hirigintza arauen kontrakoak izan dira. Zumarragako Udala horren jakitun izan da eta hala eta guztiz ere, ezikusiarena egin du, ardugabekeria larriz. Herritarren segurtasuna arriskuan jartzen zuen jarduera baimendu du, jakinik ez zela legezkoa. Bestalde, jaurlaritzak 2016an ingurumen baimen bateratua eman zion jarduera honi hirigintza bateragarritasunik izan gabe. Hau da, legez kanpo baimena eman zen eta gainera ingurumen arau hauste larrien aurrean, UZ Bizi!-ren salaketa gertatu arte, enpresari pilaketekin jarraitzen utzi zaio.
Hainbat galdera luzatu zizkien UZ Bizi!-k Zumarragako Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako arduradun politikoei:
-Zergatik onartu da osasunerako jarduera kutsatzaile eta kaltegarria azken hamar urteotan ingurumen arau hauste larriak zeudela jakinda?
-Zergatik onartu dute osasunerako jarduera kutsatzaile eta kaltegarria azken hamar urteotan, legez kanpokoa izan zitekeela jakinda?
-Zergatik jarraitu da siderurgia hondakinak isurtzen uzten, hondakindegiaren segurtasuna eta egonkortasuna bermatuta ez zeudela jakinda?
-Zalbibarko hondamendiaren ondoren, Zumarragara eramaten hasi al zen Arcelor siderurgia hondakinak?
-Eta istripuren bat izan balitz? Gogoan izan segurtasun faktorea Zaldibarkoa baino txikiagoa zela; eta gogoan izan hondakindegiaren azpian tunela eta autobia daudela.
-Tonaka eta tonaka hondakin pilatuta jarraitzen dute oraindik. Noiz eramango dituzte?
-Eta orain arte egindako kaltea? Isuriak al daude Urola ibaian? Aire kutsaduran eraginik izan al du?
Amaitzeko bost eskaera luzatu geniten:
Udalak eta Eusko Jaurlaritzak dagozkien erantzunkizun legal eta teknikoak bere gain har ditzatela eskatu genuen eta bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala. Hau da, ingurumen legedia eta legedi urbanistikoa bete daitezela eskatu genuen. Neurriak hartzea eskatzen dugu, hau berriz gerta ez dadin ez Zumarragan ez beste inon. Egindako kaltea onartu eta konpondu dezatela exigitzen dugu eta prozesuaz herritarrak gardentasunez informatzea.
Zumarragako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari beren lana egitea besterik ez diegu eskatzen”.

Argazkia: Eusko Legebiltzarra
