
Hirugarren urtez jarraian, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioa Urretxun ari da egiten udako campusa. 2010an, 2011n eta 2012an jaiotako 120 haur parte hartzen ari dira. Santa Barbarako aterpetxean hartu dute ostatu eta Aldiri kiroldegian entrenatzen ari dira.
Federazioko Jon Txakartegik, Goierri kirol elkarteko Sergio Gonzalez de Galdeanok eta Maialen Fidalgo zinegotziak prentsaurrekoa egin dute campusaren balorazioa egiteko.
Campusa federazioak antolatzen du, udalaren eta Goierriren saskibaloi sailaren laguntzarekin. Fidalgok hiru edizio hauetako bakoitzak bere ezaugarriak izan dituela esan du. “Lehen edizioa behar baino lehenago amaitu zen, koronabirusa dela eta. Iaz, hitzarmena sinatu genuen. Aurtengoa finkatzearen urtea da. Trena martxan dago eta Urretxutik askotan pasatzea espero dugu. Hemen, horretarako instalazio egokiak daude: Aldiri entrenatzeko, igerilekua aisialdirako eta Santa Barbara lo egiteko, bazkaltzeko eta aisialdirako. Goierriren eta Federazioaren lana txalotu nahi dut”.
Gonzalez de Galdeanok campusa Urretxun egiteak asko pozten dituela esan du. “2010, 2011 eta 2012an jaiotako haurrak goizez eta arratsaldez entrenatzen ari dira. Oso egun politak pasatzen ari dira. Gure lana Federazioari lana erraztea da. Eskerrak eman nahi dizkiet Federazioari eta udalari”.
Txakartegik udalari eta Goierriri eman dizkie eskerrak. “Campusaren balorazioa oso positiboa da. Haurrak eta gurasoak oso pozik daude. Klubak eta udalak gertu behar ditugu gure egitasmoak aurrera ateratzeko. Urretxun erraztasun guztiak eman dizkigute. Lehen urtean argi ikusi genuen Urretxu oso toki egokia dela gure proiektuak aurrera ateratzeko. Argi izen genuen campusa hemen antolatzen jarraitu behar genuela”.
Saskibaloi campusa ez da Federazioak Urretxun egiten duen ekintza bakarrra: teknifikazio saioak egiten dituzte eta maiatzean Minien Eguna egin zuten. Benjamin eta kimu mailako saskibaloi jokalarien festa, hain zuzen ere. Irailean, berriz, Gipuzkoako saskibaloiaren galaren lehen edizioa egingo dute, Pagoeta gune soziokulturalean.