![](https://www.otamotz.eus/site/files/2023/09/clara_eta_concetta_probanz.jpg)
Clara eta Concetta Probanza ahizpa urretxuarrek Gorputza ez dugu osorik margolan erakusketa ireki dute Juan de Lizarazu aretoan. Margolanak hilaren 24ra arte egongo dira ikusgai: asteartetik igandera, 17:30etik 20:30era.
Concetta ilustratzailea da lanbidez, baina Clara duela gutxi hasi zen margotzen. «Clarak minbizi potolo bat pasa zuen. Lehen urteak gogorrak izaten dira, ospitalekoa borroka nagusia izaten baita. Baina gogorrena ondoren heltzen da: beste pertsona bat zara, zure bizitza aldatu egin da… Clara nire etxera etortzen zen eta pixkanaka marrazten hasi ginen, jolas moduan. Beti sofan marrazten genuen. Horregatik, erakusketaren gaztelerazko izenburua Arte de sofa (de dos plazas) da. Euskarazko izenburua, berriz, minbiziarekin eta bizitzaren beste edozein esperientziarekin lotuta dago», azaldu du Concettak.
Clarak lan asko egin zuen etzanda «Frida Kahlok bezala» eta duela urte batzuk bere lanak erakusteari ekin zion. «Senarra eta bera Oportora joan ziren, galeria batean sartu ziren, senarrak bere lanak erakustea proposatu zion eta bertako arduradunak lanean jarraitzea aholkatu zion».
Orain, Clarak elkarrekin erakusketa bat egitea proposatu dio bere ahizpari. «Ezin nion ezetz esan eta lan batzuk egin ditut erakusketarako. Oso gustura aritu naiz».
Bien lanak loturak dituztela uste du. «Alde batetik, emakumeak dira pertsonaia nagusiak. Ia koadro guztietan emakumeak ageri dira. Emakume ez perfektuak dira: zerbait falta zaie, tripa handia dute.. Ez dira modeloak», azaldu du Concettak. «Gu bezalakoak dira», gehitu du Clarak. «Normalak», dio Concettak.
Horretaz gain, biek kolore biziak erabiltzen dituzte. «Nire azken margolanak ilunagoak ziren, baina oraingoan kolorera itzuli naiz. Seguru aski, Clararen eraginez. Oso pozik gaude: gure lanak elkarrekin erakustea eta etxean gainera, oso polita da. Festa bat izan behar da».
Bost anai-arreba dira eta Clara eta Concetta dira emakumezko bakarrak. 10 urteko aldea duten arren, Clara 1959koa eta Concetta 1969koa, beti harreman estua izan dute. «Aitak marraztu egiten zuen eta denok bere inguruan begira egoten ginen. Baina ni ez nintzen ausartzen. Oso zaila iruditzen zitzaidan. Concettari esker hasi naiz».
Koadro txikiekin hasi zen eta dagoeneko margo akrilikoak erabiltzera eta koadro handiak egitera ausartu da. Bestalde, Concettaren koadroetan Clararen margolanetan baino elementu txiki gehiago agertzen dira.
Minbiziak bi ahizpen arteko harremana estutu du. «Nire azala zela esaten nion. Lotuta egon gara. Anaia nagusiarekin ere oso harreman berezia lortu dugu», amaitu du Clarak.