Zure Irrifarra, Nire Indarra elkarteko boluntarioek bere orga bultzatuko dute. Beste bi goierritarrek ere parte hartuko dute: Iakes Lopez Imaz idiazabaldarrak eta Mikel Fernandez Etxaniz legazpiarrak.
Aurtengo Behobia-Donostia lasterketan Zure Irrifarra, Nire Indarra elkarteko bost haurrek parte hartuko dute. Amets Vega Lopez (Eibar), Iakes Lopez Imaz (Idiazabal), Mikel Fernandez Etxaniz (Legazpi), Urdin Mendiola Igartua (Oñati) eta Erin Altzelai Martinez-Campos (Zumarraga). Bost parte hartzaileak orgetan joango dira eta orgak boluntarioek bultzatuko dituzte. Orgak bultzatuok dituztenen artean Erinen aita egongo da, Endika Altzelai. Galiziatik eta Herrialde Katalanetatik ere orga batzuk etorriko dira.
Zure Irrifarra, Nire Indarra ekimena 2019an sortu zen, Orkli kooperatibaren laguntzarekin. Iakes Lopez Godoyk sustatu zuen, urritasun funtzionala duten pertsona guztiei kirola egiteko aukera emateko. Kasu honetan, beren ezintasun baldintzengatik modu natural eta propioan egin ezin dituzten atletismo lasterketetan parte hartzeko. Elkartea Gipuzkoa mailan dago eratua eta Gipuzkoako hainbat herritako pertsonek parte hartzen dute. Kasu honetan Debagoiena, Debabarrena eta Goierriko parte hartzaileak izango dira.
Endika Altzelaik, Erinen aitak, lasterketetan parte hartzeak beraien senitartekoei bizipoza ematen diela aipatu du. “Ikaragarri gozatzen dute lasterketetan. Abiadura sentsazioa eta jendearen txaloak eta animoak asko eskertzen dituzte. Askatasun eta errekonozimendu momentu bat da beraientzat”.
Ekimenak bi helburu ditu: oertsona hauek kirola egitea eta jendeari beraien errealitatea ezagutaraztea. “Hori dela eta, boluntarioen papera ere oso garrantzitsua da: lasterketetan parte hartuz, jendeari lan hau guztia erakusten diote”.
“Kapitainak” karrotxo edo orgatxoetan joango dira eta horiek boluntarioek bultzatuko dituzte, erreleboak emanez. 25 bat boluntario izango dira. “Eskerrak eman nahi dizkiegu beraien lan desinteresatuagatik”.
Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileei ere eskerrak eman nahi dizkiete, emandako erraztasunengatik. “Beraiekin harremanetan jarri ginen eta parte hartzeko arazorik ez dagoela eta horrelako ekimenak oso ondo ikusten dituztela esan ziguten. Hala, guretzako irteera gunetxo bat prestatu dute eta helmugan hainbat erraztasun emango dizkigute gure kapitainak eroso egon daitezen”, amaitu du.