Atzo arratsaldean San Martin eguneko festa ospatu zuten Urretxuko Iparragirre plazan. Martintxo txerria ikusgai egon zen eta haurrentzako jolasak, txokolatada eta herri kirol erakustaldia egin zituzten. Horretaz gain, Iparragirre Balerdi musika bandak eta Lizarriturri txistulari taldeak kalejira egin zuten. Beti bezala, gerturatu ziren guztiek odolkia dastatzeko aukera izan zuten. Txartelak erosi zituztenen artean, bi urdaiazpiko zozkatu zituzten. Saritutako zenbakiak 0361 eta 0138 dira. Saridunek Urretxuko kultur etxera jo behar dute. Zozketarako txartelen salmentarekin 1.053 euro lortu dituzte. Diru hori Elikagaien Bankuari emango diote.