Herriko kaleak girotzeko eta merkataritzan kontsumoa bultzatzeko helburuarekin, Zumarragako Udalak Gabonetako argiak jarri ditu aurten ere. Pizte ekitaldia gaur arratsaldean izan da, plazan. Ekitaldi solidarioa izango da: argiak Ehlers-Danlos baskularra gaixotasun arraroa duen Erin Altzelaik piztu du. Ekitaldian bere aita Endikak, bere anai Galderrek eta Rosa Maiza zinegotziak ere parte hartu dute.
Erinen familia ‘Muevete por los que no pueden’ elkarteko kidea da. Ekitaldiaren helburua herrian lan egiten duten boluntarioei babesa erakustea eta beraien lana ikusaraztea izan da. Endika Altzelaik udalari eta lagundu dieten guztiei eskerrak eman dizkie. Jon Maia, Arco Iris antzerki taldea, Lurra dantza taldea eta Bi-Tartean merkatari elkartea aipatu ditu. Baita Zure Irrifarra, Nire Indarra elkartea ere.
Horretaz gain, Muevete por los que no pueden elkartearen Facebook eta Instagrameko guneetan Erinen gaitza ikertzearen aldeko bozka eman daitekeela gogoratu du. Herritarrak botoa ematera animatu ditu. Botoa emateko azken eguna abenduaren 7a da.
Argiak piztu aurretik, txokolate-jana egin dute udaletxeko arkupean eta Gabonetako photocall bat ere egon da. Argiak piztu ondoren, trikitilariek herriko kaleetan jo dute.
Udalaz gain, Soraluze kaleko merkatariek ere kalea apaindu dute. Argiak eta pinuak jarri dituzte eta kaleko merkatari guztiek taldeko argazkia atera dute.