Naiara Elgarresta diseinatzaile urretxuarrak aspaldiko ametsa betetzea lortu du: berak diseinatutako zapatak ekoiztea. Oraingoz, hiru modelo egin ditu emakumeentzat: ante elastikozko bota (Kalon izena jarri dio), neoprenozko kirol bota (Meraki) eta larruzko zapata (Kirei). Bakoitza hiru koloretan dago salgai. Naiara Elgarresta.
Elgarrestak zapaten eta osagarrien diseinua ikasi zuen eta duela urte batzuk poltsak ekoizteari ekin zion. Zapatak ekoiztea gehiago kostatu zaio. “Tailak direla eta, kantitate handiak ekoiztu behar dira. Stock handia behar da eta horrek lana zailtzen du. Poltsak ekoizeta baino arriskutsuagoa da”.
Alacanteko enpresa baten eskutik eman du pausoa. “Oso enpresa ona da eta zapata erosoak egitea da bere helburu nagusia. Nik ere erosotasunari garrantzi handia ematen diot. Erosotasunari, materilaren kalitateari eta diseinuari. Erosoak ez badira, jendeak ez ditu gehiago erosiko”.
Hasteko, hiru diseinu ekoiztu ditu. “Etorkizunean gehiago egin nahi ditut. Hasteko, emakume batek neguak pasatzeko zer behar duen pentsatu dut eta hori oinarri hartuta hiru modelo egin ditut: bota beroa, zapatila erosoa eta zapata dotorea. Bilduma berandu iritsi da eta oraindik ez naiz denda askotara iritsi. Zumarragako Laskurainen eros daitezke eta inguruko beste dendari batzuekin ere hitz egiten ari naiz”.
Egunotan, Londresen dago. “Bi urte eman nituen Londresen eta asko gustatzen zait hona etortzea. Feria batzutan parte hartzen saiatu behar naiz eta hemen zertan ari diren ikusi nahi dut. Londres inspirazio iturri da niretzat. Nire inspirazio iturria bidaiak eta arkitektura dira”.