Urretxu eta Zumarragako euskaltzale ugari elkartu dira gaur Zelai Arizti kultur etxean taldeka euskarazko hitz-aspertuak izateko. Gaitu egitasmorako ahotsak ere eman dituzte.
Aitor Lizarazu Zumarragako Euskara teknikariak eta Gorka Azkarate bertsozaleak abestutako bertsoekin hasi da gaur Zumarragako Zelai-Arizti kultur etxean Urretxu eta Zumarragako Euskararen 12. Mintzodromoa. Bi herrietako udalek antolatu dute, udal euskaltegiarekin elkarlanean. Ordu eta erdi iraun du (11:00-12:30).
Mintzodromoaren helburuak hauexek dira: euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzea; euskaraz egiteko aukera gutxi duenari aukera horiek ematea; nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea… Azken batean, euskara eta euskaraz konpartitzea.
Hiru gai taldeak txandatuz
Berrogeita hamar lagunetik gora elkartu dira Mintzodromoan. Launaka edo bosnaka eserita, eta ordu laurdeneko txandatan hizketagaia eta taldea aldatuz, antolatzaileek jarritako hiru gairen inguruan aritu dira berriketan: Gaitu proiektua, Kuadrilla eta Lehen mugikorra zein adinekin?
Behin hizketaldia amaituta, Mikel eta Idoaia Arranz aita-alabek Urretxu-Zumarragako Euskara liburuan jasotako pasarte bat irakurri dute, eta ondoren, Mikel Babianok Gaur beltza narrazioa irakurri du.
Mintzodromoa Euskararen arbola hiru bertsoko sorta kantatuz bukatu dute.
Ahotsa emateko aukera
Mintzodromoak iraun bitartean, Gaitu proiekturako ahotsa emateko aukera izango dute partaideek zein propio horretara joan diren herritarrek.