Final hamaseirenetako kanporaketa partida bakarrera jokatuko da, Malagan, urtarrilaren 6an edo 7an
Realak Malagaren aurka jokatuko du Kopako final hamaiserenetako kanporaketa. Malaga taldean Jokin Gabilondo urretxuarrak jokatzen du. Gabilondok Realaren bigarren taldean jokatu zuen iaz arte eta lehen denboraldia du Malagan. Beraz, bere klub ohiaren aurka jokatuko du. Partida urtarrilaren 6an edo 7an jokatuko da, Malagan.
Gabilondo “oso pozik” azaldu da. “Reala taldekideek nahi zuten taldeen artean zegoen, Real Madrid, Bartzelona, Sevilla eta Betisekin batera. Nik Reala nahi nuen, noski. Izan ere, Realean jokatzen duten askorekin jokatu dut. Gainera, Reala sekulako maila ematen ari da. Taldekide guztioi ilusio handia egiten digu. Zozketa taldekide guztiok elkarrekin ikusi dugu, pantaila handi batean, eta Realaren aurka jokatu behar dugula jakin dugunean taldekide guztiok Lucari (Sangalli) eta bioi begiratu digute, biok Realean aritutakoak garelako”.
Urretxuarrak partida parekatua izatea espero du. “Bai Realaren eta bai gure lehentasuna liga da, baina garaipenaren bila joango gara. Etxean jokatuko dugunez, aukerak ditugula uste dut”.