Urretxu eta Zumarragako udalek zazpi antzerki saio antolatu dituzte haurrentzat eta bederatzi helduentzat
Urretxu eta Zumarragako udalek arte eszenikoen egitaraua aurkeztu dute gaur Zelai Arizti aretoan. Ekitaldian Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak parte hartu dute. Serranok helduentzako egitarauaren berri eman du eta Fidalgok haurrei zuzendutako antzezlanen berri.
Haurrei dagokienez, emanaldi guztiak Urretxun izango dira, 17:00etan. Otsailaren 18an Logela Multimediak Anbotoko Mari lana antzeztuko du, martxoaren 17an Glu Glu taldeak Loti ederrak, apirilaren 21ean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Ez gara jaitsiko!, maiatzaren 19an Gookapik Iratxoen kantu sekretuak, urriaren 20an Hikak Atearen bestaldean, azaroaren 17an Potx eta Lotx pailazoen saioa izango da eta abenduaren 15ean Hikak Jon beldurgabea lana antzeztuko du. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saioa Ederrena pilotalekuan izango da. Gainontzeko guztiak Labeaga aretoan izango dira.
Sarrerak 5 euroan salduko dira, Pirritx, Porrotx eta Marimototsena ez ezik. Horiena 7 euroan salduko da. Zazpi ikuskizunetarako bonuak ere erosi ahal izango dira. Haurrari laguntzaile batekin joateko aukera ematen dion bonuak 30 euro balio du eta haurren bonuak 20 euro. Bonuak asteartean jarriko dira salgai, Urretxuko kultur etxean.
Helduei dagokienez, lehen saioa Jon Plazaola aktore urretxuarrak eskainiko du: Tu-tum, platz! bakarrizketa egingo du, otsailaren 2an Zelai Arizti aretoan.
Plazaolak bakarrizketekin hasi zuen bere ibilbidea, duela ia 25 urte. Ondoren, telebista aurkezlea izan zen eta telesail eta pelikula ezagunetan parte hartu du. Duela gutxi, Itxaso telesaila estreinatu du. ETBren Primeran plataforman ikusi daiteke.
Tu-tum, platz! bakarrizketa berak idatzi du eta bere bizipenak ditu oinarri. Dagoeneko Beasainen eta Ordizian taularatu du. Zumarragako emanaldia otsailaren 2an izango da, 20:15ean, Zelai Arizti aretoan.
Helduentzako emanaldi guztiak ordu eta toki berean izango dira. Hilero emanaldi bat izango da, uztailean eta abuztuan ez ezik. Martxoaren 1ean Olatz Gorrotxategik Mierda de ciudad lana eskainiko du.
Udaberriko emanaldiei dagokienez, apirilaren 5ean La pulga flamenco taldeak Berriketan musika eta dantza ikuskizuna eskainiko du. Maiatzaren 3an El mono habitadok Guapa lana antzeztuko du eta ekainaren 7an Kamikaz kolektiboak Hiru kortse, azukre asko eta brandi gehiegi.
Hurrengo emanaldia irailekoa izango da: irailaren 6an Khea Ziater taldeak La sed del minotauro lana antzeztuko du. Azken hiru saioak udazkenean izango dira: urriaren 4an Txalo taldeak Kanpora sartzen antzeztuko du, azaroaren 8an La dramatica errantek Yerma eta abenduaren 5ean Tartean taldeak Kortxoaren dilema.
Sarrerek 10 euro balio dute. Gazte Txartela dutenek 7 euro bakarrik ordainduko dute eta Zelai Ariztiko leihatilara antzerki saioaren egunean 19:45etatik 20:15era jotzen duten 30 urte azpikoek 5 euro. Bonuak hilaren 15ean, 17an eta 20an jarriko dira salgai. Lan guztiez gozatzeko aukera ematen duenak 70 euro balio du eta euskarazko saioetarako bonuak 35 euro.
Hilaren 15ean 2023ko bonua mantendu nahi dutenen txanda izango da. Zelai Arizti kultur etxera jo behar dute eta iazko bonua aurkeztu: 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era.
Hilaren 17an, iazko bonua eduki arren, aldatu nahi dutenen txanda izango da. Zelai Arizti kultur etxera jo behar dute, ordutegi berean. Bukatzeko, hilaren 20an aurten lehenengoz bonua erosi nahi dutenen eta euskarazko saioetarako bonua erosi nahi dutenen txanda izango da. Horiek ere Zelai Arizti kultur etxera jo behar dute, baina 10:30etik 13:00etara.