Atzo Irimoko eta Izazpiko zentral eolikoen inguruko bilera egin zuten Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, UZ Bizi plataformak deituta.
Plataformakoek balorazio positiboa egin dute, aurreko bileretan baino jende gehiagok parte hartu baitzuen. “Proiektuen nondik norakoak aurkeztu genituen eta orain arte proiektuen aurka egiteko ekimenak nondik nora joan diren azaldu genuen. Antzuola, Azkoitia, Azpeitia eta Ezkion gu baino lehenago hasi ziren, gu erraustegiaren gaiarekin baikenbiltzan”.
Egitekoei buruz ere hitz egin zuten. “Une honetan, egiteko nagusia alegazioak aurkeztea da. Ahalik eta herritar gehienek alegazioak sinatzea nahi dugu, herritarrak aurka daudela argi azaltzeko. Alegazioak urtarrilaren 28a baino lehen sinatu behar dira”.
Udalak ere lanean ari direla azaldu zuten. “Azkoitia, Azpeitia, Ezkio eta Zumarraga astelehenean bilduko dira. Aurka azalduko dira eta abokatu bat hartuko dute alegazio teknikoak aurkezteko. Antzuola eta Urretxuk abokatua hartu dute dagoeneko. Izazpi-Samiño-Oleta (Buruzai) proiektuan alegazioak aurkezteko epearen luzapena eskatzeko asmoa dute”.
UZ Bizik lanean jarraituko du. “Hormigoi asko erabili eta pista kilometro asko egin nahi dituzte, 20 urte iraungo duten eolikoak jartzeko. Sare sozialetan estekak zabalduko ditugu, herritarrek alegazioen alde sinatzeko”.
Buruzaiko zentralaren aurka sinatzeko, sakatu hemen.
Trekutzeko zentralaren aurka sinatzeko, sakatu hemen.
Paperean sinatu nahi dutenek, Ostadarren egoitzara jo dezakete datorren astearte, ostegun eta ostiralean, 19:00etatik 20:00etara.