Leire Soler (Zumarraga, 1997) Realaren emakumezkoen taldearen zale sutsua da. Larunbatean Kopako finala jokatuko dute Zaragozan eta bera eta bere lagunak han izango dira, noski. Bere lantokiaren kanpoaldean bandera erraldoia jarri du.

Nolatan futbol zalea?
Txikitan Urolan jokatu nuen. Ondoren, nesken futbola jarraitzen zuen lagun bat egin nuen eta Zubietara joaten hasi ginen. Hasieran kanpotik ikusten genuen, langatik, eta azkenean bazkide egin ginen. Egia esan, futbola betidanik gustatzen zait. Umetan mutilena jarraitzen nuen eta egun neskena batez ere.
Zenbat lagun joaten zarete Zubietara Realaren emakumezkoen taldearen partidak ikustera?
Lauzpabost lagun joaten gara. Nire neska-laguna (Soriakoa da baina Reala jarraitzen du), bi ataundar eta ni. Batzutan Bilboko lagun batzuk ere etortzen dira. Zubietan oso giro ona dugu. Askok elkar ezagutzen dugu jada.
Realak kanpoan jokatzen dituen partidetara ere joaten al zarete?
Bai. Bilbora, Gasteizera, Murtziara, Madrilera, Eibarrera… joan gara.
Larunbatean Kopako finala jokatuko dute Zaragozan. Hara ere joango zarete, noski.
Hala da. Hemendik hiru aterako gara eta Zaragozan Madrildik joango diren bi lagun elkartuko zaizkigu. Izan ere, ataundarrek Madrilen ikasten dute.
Nola ikusten duzu finala?
Duela aste batzuk Realak irabazi egingo zuela uste nuen, baina Ana Tejada joan egin da, Natalia Arroyo entrenatzailea ere joan egin behar da… Jokalariak gogo handiarekin aritzea espero dut. Egia esan, irabazi dezakegula uste dut. Izan ere, Bartzelonak bihar [elkarrizketa astelehenean egin zen] partida du, larunbatean gure kontra jokatuko dute eta hurrengo astean Txapeldunen Ligako partida dute. Badakit Bartzelonako jokalariek partida guztiak irabazi nahi dituztela, baina Kopako finala nekeak eta Txapeldunen Ligako partidak baldintzatuta jokatzea espero dut.
Zein da zuen plana?
Larunbatean joango gara, goizean goiz, eta igandean itzuliko gara. Giroaz gozatu nahi dugu. Ez dugu Zubietara joaten diren gainontzekoekin hitz egin, baina Z7 lagun taldeakoekin elkartuko gara seguru aski.
Goiur enpresan lan egiten duzu. Lokalaren kanpoaldean Realaren bandera handi bat jarri duzu eta erakusleihoan, berriz, Nerea Eizagirre jokalariaren kamiseta.
Duela gutxi Athleticeko mutilek Kopa irabazi zuten eta Urretxun eta Zumarragan bandera asko jarri zituzten. Realeko neskak finalera sailkatu zirenean, ordea, ez ziren bandera asko jarri. Horrek pena ematen dit. Nik etxean eta dendan jarri ditut. Balkoi eta denda gehiagotan Realaren banderak jartzea gustatuko litzaidake. Apalategi kiroldendan dagoeneko jarri dute. Ea jende gehiago animatzen den!
Kamiseta asko al dituzu?
Nuria Rabano, Michaela Specht, Nerea Eizagirre, Amaiur Sarriegi eta Franssirena. Zaragozara eramango ditut, lagunentzat. Urtero jokalari baten kamiseta erosten dut.