Munduko herrialde desberdinetako gastronomia postuak, dantza ikastaroa, eta jolasak izan dira besteak beste. Argazkiak albistean.

Aniztasun jaia ospatzen ari dira Urretxuko Gernikako arbola plazan. Musika, dantza, mundu osoko jakiak eta edariak, jolasak,… Urretxuko herritarren aniztasunaren erakusle da ekimena. Oihana Merino Urretxuko udaleko aniztasun eta inmigrazio teknikaria “pozik” agertu da goizean zehar izan den giroarekin. “Momenturen batean euria egin badu ere, jendetza ari da gerturatzen plazara, eta pozgarriena da, ikustea, parte hartzeko gogoz ari dela gertutzen jendea: herrialde desberdinetako jakiak dastatzera ari dira gerturatzen, dantza ikastarora ere animatu da jendea, haurrentzako jolasen eremua beteta dago,…Gustura gaude, jai honen helburu nagusiak betetzen ari dira, hau da, Urretxuko aniztasuna goraipatzea, aniztasuna delako herri batek duen aberastasuna, eta gainera, herritarrak gerturatu eta parte hartzen ari dira”.
Argentina, Honduras, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Nikaragua, Maroko, Herrialde Katalanak, Pakistan, Peru, Portugal, Errusia, Senegal eta Venezuelako gastronomia postuak jarri dituzte. Beste ekintza batzuk ere badaude: henna ikastaroa marokoar komunitatearen eskutik, Alambique etxekoek arabiar idazkera landu dute, Marea Urdina elkarteak sentsibilizazio jolasak egin ditu, Gurutze Gorriak haurrentzako jolasak eta Gazte Bideanek eskulan parte hartzaileak. Txirikorda ikastaroa ere egin dute, Ekuatore Gineako komunitatearen eskutik, eta beste hainbat ekintza gehiago ere izan dira.
Jarraian, goizeko irudi batzuk: