![](https://www.otamotz.eus/site/files/2024/06/img-20240606-wa0053.jpg)
Alex Maestre urretxuarraren enpresak Tknikaren (Euskadiko lanbide heziketaren ikerketa aplikatuko zentroa) Ekintzailetza sarietako bat lortu du. Teknologia arloko enpresa onenari dagokion Urratsbat saria, hain zuzen ere. 2022-2023 ikasturtean 85 enpresa sortu dira eta Maestrerena izan da saritua.
Maestrek 23 urte ditu. UGLEn ikasi zuen eta UGLEko fabrikazio adimentsuko espezializazio ikastaroko irakaslea da. Berak garatu duen enpresa ikus-entzunezko alorrera dago bideratuta. Bideo musikalen grabazioan dago espezializatua eta bideo publizitarioak ere egiten ditu. Bere negozio eredua dibertsifikatu nahian, errealitate birtual eta mistoarekin erlazionatutako proiektuak ere lantzen ditu, biki birtualak sortuz.
Jaurlaritzaren Urratsbat programaren helburua lanbide heziketako ikasleei beraien enpresa sortzen laguntzea da. Helburua UGLE bezalako ikastetxeak enpresen haztegi izatea da. Maestrek UGLEk emandako laguntza eskertu du. “UGLEren laguntza eta bertako ekintzailetza bultzatzen duen Juanma Aldanondoren gidaritza oso baliagarriak suertatu zaizkit nire proiektua bideratzeko”.