Energia Festa ospatu dute gaur Areizaga-Kalebarrenen

Asteazkenean Ingurumenaren Eguna izan zen. Hori dela eta, Uggasa garapen agentziak Energia Festa antolatu du Urretxu-Zumarragan eta Legazpin, herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko. Urretxu-Zumarragako festa gaur goizean izan da, Areizaga-Kalebarren plazan. Legazpikoa, berriz, bihar (ostirala) izango da, elizaren atzealdeko parkean.
Gaurko festako protagonista nagusiak ikastetxeetako haurrak eta gaztetxoak izan dira, baina adin guztietako bizilagunek parte hartu dtue. Urretxu eta Zumarragako ikastetxeetako ikasleek posterrak erakutsi, eskuorriak banatu eta aholku errazak eman dituzet. Haurrek eta gaztetxoek birziklatutako materialarekin egindako eskulanak ikusteko aukera ere izan da.
Horretaz gain, panelak jarri dituzte ikusgai: Goierri garaiko energia fotovoltaikoaren ingurukoa eta hurbileko merkataritzari buruzkoa. Energia Festan UGLE lanbide eskolak ere parte hartu du. Plaka fotovoltaiko mugikorra eta ikasleek egindako auto elektrikoa eraman ditu ekitaldira.
Bertaratu direnek mokadutxoa egiteko eta musikaz gozatzeko aukera ere izan dute. Modu jasangarrian, noski. Mokadutxoak eguzki sukalde parabolikoarekin prestatu dituzte eta Dj Ekirok-ek eguzki energia erabili du festa girotzeko. Sukalde parabolikoak arrakasta itzela izan du eta jende ilara luzeak osatu dira bertan prestatutako txorizoa, hirugiharra eta txanpinoiak jateko.