Haurrek Bi-Tarteanen dendetako eta Urretxuko udal eraikinetako telefonoak erabili ahal izango dituzte
Helburua telefonoaren erabilera adina atzeratzea eta erabilpen jasangarria egitea da
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2024/06/img_4578.jpg)
Altxa Burua taldeak, Bi-Tartean merkatari elkarteak eta Urretxuko Udalak Geurea Erabil Dezakezu ekimena jarri dute martxan: Urretxu eta Zumarragako 27 merkatarik eta udalak 32 puntu jarriko dituzte haurren eskura, behar dutenean senitartekoei deitu ahal diezaieten. Hala, haurrak telefonorik gabe atera ahal izango dira kalera. Helburua telefonoaren erabilera adina atzeratzea eta erabilpen arduratsua sustatzea da.
Egitasmo honekin bat egin duten Bi-Tarteaneko 26 dendak Itxura, Josune, Goilore, Ormazabal, Kizkur, AM, Xarmanki, Kotoi, Oreka, Lanbroa, Zerki, Bidegorri, Stylo Gorane Dominguez, Urrats, Julita, Ur Leire Santillan, Ibaiondo 05, Opticalia, Argizti, Doss, Inaxio, Milar Lagun, Arku, Amane, Baby eta Panpox dira. Haurrek Bi-Tarteanen bulegora ere jo ahal izango dute telefono eta laguntza eske. Udalak beste bost puntu eskainiko ditu: udaletxeko harrera zerbitzua, Gazte Bidean, kultur etxea, liburutegia eta kiroldegia.
32 puntu horietako telefonoa baliatzeko, baliatuko duenak bere burua aurkeztuko du eta errespetuz eskatuko du erabilpena. Horretaz gain, nori deitu nahi dion zehaztu beharko du. Gurasoei edo une horretan bere ardura duenari bakarrik deitu ahal izango die. Deia telefonoaren jabeak egingo du.
Egitasmoa gaur aurkeztu dute, Jose Mari Lasa plazan. Maialen Fidalgo zinegotziak, Nerea Mendizabal Bi-Tarteaneko kideak eta Maitane Ormazabal Altxa Buruako kideak hartu dute hitza.
Fidalgok ekimen honek Gazteria sailaren hiru ardatzak betetzen dituela esan du: sortzailea, hezitzailea eta parte hartzailea da. Mendizabalek beraien leloa Elkarrekin onena dela eta egitasmoak hori islatzen duela aipatu du. Dendetako ateak beti zabalik daudela gogoratu du. Ormazabalek haurrei sostegu digitala eta emozionala emango zaiela azpimarratu du.