
Inma Tobarrek (Zumarraga, 1959) erretiroa hartu du. 50 urte eman ditu lanean: lehen 14 urteetan Elena Arbulurekin eta ondoren Francisco Roldanekin. 15 urte bakarrik zituen Arbuluren farmazian lanean hasi zenean. Mojetan administrari izateko ikasten ari zen eta Arbuluk mojengana jo zuen neska baten bila. Mertxe Berasategik, ikastetxeko zuzendariak, Tobar aukeratu zuen. 1974ko ekainean hasi zen farmazian lanean.
Lanean oso gustura aritu dela dio. “Esker oneko lana da. Jendearengatik, batez ere. Oso irekia naiz eta beti irribarrea ahoan joan naiz lanera. Eta musuak, besarkadak, animoak eta umorea eskaini dizkiet une txarra igarotzen ari zirenei. Hori da etxera daramadan saririk handiena: maite nauen jende hori guztia. Farmazian nigatik galdetzen ari dira, kalean gelditu egiten naute, animoak eman dizkidate une txarrak bizi izan ditudanean… Lagunak direla esan ohi dut beti, ez bezeroak. Ez dut denekin egoteko aukera izan eta eskerrak eman nahi dizkiet bihotz-bihotzez”.

Farmazian, azken urteetan lankide izan dituenekin.