
Uztailaren 24ra arte zabalik izango da Urretxun Bizi Gara harrera eskolan izena emateko epea. Udalaren ekimen hau Euskal Herritik kanpo jaio diren adin nagusiko bizilagunei zuzendua dago: Urretxuko eta Goierri garaiko gizartearen, historiaren, aukeren eta baliabideen inguruko ezagutza handiagoa izan nahi duten guztiei. 10. edizio hau gaur eguerdian aurkeztu dute, Maialen Fidalgo zinegotziak eta Oihana Merino Aniztasun eta Bizikidetza dinamizatzaileak.
Urretxun Bizi Gara ekimenaren hamargarren edizio honetako saioak astearte eta ostiraletan izango dira: 09:30etik 12:00etara, Urretxuko kultur etxean. Irailaren 27an hasiko dira eta azaroaren 29an bukatu. Guztiz doan izango diren 45 eskola ordu jasoko dituzte ikasleek. Hitzaldiak, txangoak, bisitak eta ikastaroak izango dituzte. Aurrekoetan bezala, administrazioko teknikariek, eragileek eta herriko erakundeek zuzenean landuko dituzte edukiak ikasleekin; historia, gizartea, kultura, enplegua, etxebizitza, hezkuntza, hizkuntza, osasuna… hizpide hartuta.
Gainera, parte hartzaileek egonaldia egin ahal izango dute herriko kultur elkarteren batean, elkarrekiko ezagutza sustatzeko eta harrera nahiz egokitzapen prozesuak errazteko.
Urretxun Bizi Gara Aniztasun eta Bizikidetza Udal Planaren barruan kokatzen da, Urretxu osatzen duten kulturen arteko aberastea bultzatzeko eta topaketarako gune bat eraikitzeko helburuarekin. Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren babesa ere badu. Mahai hori herritarren parte hartzeari irekita dagoen lan batzordea da. Bazterkeriarik gabeko gizarte inklusiboa sortzea du helburu.
Urretxun Bizi Gara harrera eskolan parte hartu ahal izateko, izena eman behar da. Matrikula doakoa da eta Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza dinamizatzailearekin harremanetan jarriz egin daiteke (693 900 568 telefono zenbakia eta aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikoa).