Bikustik, Anari, Pelax eta Penny Ikingerrek joko dute
Larunbat honetan ZZ Rock jaialdia egingo dute Zumarragako Zelai Arizti parkeko karpan. Bikustik, Anari, Pelax eta Penny Ikingerrek joko dute. Jaialdia 19:30ean hasiko da. Zarraparra kolektiboak eta Motz tabernak antolatu dute, aldundiaren Katapulta Tour Gipuzkoa egitasmoaren eta Zumarraga eta Urretxuko udalen laguntzarekin.
Sarrerak 15 euroan eros daitezke, aurrez, Urretxuko Motz tabernan eta entradium.com webgunean. Egunean bertan 20 euroan salduko dira. Zarraparrako bazkideek 12 euro bakarrik ordaindu behar dute.
Anari azkoitiarrak urte asko daramatza musika munduan. Aurten Giza zarata izeneko diskoa kaleratu du. ZZ Rock jaialdian banda osoarekin joko du. Bertaratzen direnek aspaldiko klasikoak eta kanta berriak entzuteko aukera izango dute.
Penny Ikinger musikari australiarrak 20 urte baino gehiago daramatza musika munduan eta urte horietan guztietan kolaborazio ugari egin ditu. Besteak beste, Kim Salmon, Deniz Tek, Charlie Owen eta Dave Graney-rekin. Zumarragan bere azkeneko diskoa aurkeztuko du: Travels and Travails.
Unai Pelayo Pelax musikari donostiarrak Katapulta Tour Gipuzkoa egitasmoaren eskutik joko du Zumarragan. «Euskal Herriko talde interesgarrienetako baten zuzeneko potentea ikusteko aukera izango dugu», azaldu dute antolatzaileek. Argitaratu berri duten Esan gabe doa diskoa aurkeztuko dute.
Bikustik taldea Jon Gurrutxaga eta Patxi Zabaleta elgoibartarrek osatzen dute. Rock talde klasikoen akustikoak eskaintzen dituzte: The Beatles, Led Zeppelin, Queen, Janis Joplin, Credence Clearwater Revival…