24/7 plataformak zinegotzi guztiak bilera batera deitu dituela eta EH Bilduko sei bakarrik azaldu direla salatu du
24/7 plataformak Goierri garaiko zinegotzi guztiak bilera batera deitu zituela eta EH Bilduko sei bakarrik azaldu zirela salatu du. Horra hor plataformak igorritako oharra.
“24/7 plataformak eskualdeko EAJ, PSE, EH Bildu eta Berdeak alderdietako zinegotzi guztiei (50 baino gehiago) deitu zien, azaroaren 5erako bilera batera. Gertatutakoaren berri ohar honen bidez adierazi nahi diegu herritar guztiei: bilera horretara Zumarragako, Urretxuko eta Legazpiko EH Bilduko 6 zinegotzi baino ez zirela joan. EAG larrialdi zerbitzua berrirekitzeko borrokan 4 urte baino gehiago daramatzan plataforma herritarra garenez,bilera horri emandako erantzunagatik atsekabetuta eta suminduta sentitzen gara. Anbulatorioko larrialdi zerbitzua berreskuratzeko eta eskualdeko osasun zerbitzu publikoak defendatzeko, konponbide bateratuak bilatzea eta helburua lortze aldera
elkarrekin lan egitea zen bileraren helburua. Balorazioak egin gabe, gertatutakoak errealitate gordina erakutsi digu. Urte hauetan egindako bilera bakanetan eta joan garen osoko bilkuretan beti esan digute babesten gaituztela eta gure aldarrikapenekin bat egiten dutela. Plataformaren parte direla behin eta berriro azaldu digute. Plataformak antolatzen dituen elkarretaratze, ekitaldi edo bileretara joateko unea dela uste dugu. Espero dugu egoera hau birbideratzea eta guztion onerako lan egitea, hau da, 24/7 NPBren berrirekiera lortzea. Bitartean, duela lau urtetik hona egiten ari garen bezala, 15 egunetik behin kontzentrazioekin jarraituko dugu, eta egingo ditugun jarduera berri batzuen berri epe
motzean emango dizuegu. Horregatik, azaroaren 20an, asteazkena, arratsaldeko 6etan, Zumarragako Osasun Zentroaren aurrean egingo den kontzentraziora joatera animatzen zaituztegu. Era berean, zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiogu Legazpiko herriari aste honetan egindako kontzentrazioan emandako erantzun bikainagatik. Pertsona guztien lana beharrezkoa da eskualdeko larrialdi zerbitzua berriz irekitzeko”.
